Ekonomia -
LAN ERREGULAZIO Espedientea
Basauriko Bridgestoneko beharginek lantegiaren ekoizpena eten dute berriro, euren zazpigarren greba ondorioz
Gaurko, biharko, astelehenerako eta astearterako daude deituta lanuzteak, lan-batzordeak zuzendaritzarekin egin beharreko bilerekin bat eginda. Sindikatuek Bizkaiko lantegiaren etorkizuna bermatzea eskatu diote pneumatiko fabrikatzaileari.
Agentziak | EITB MEDIA
Basauriko Bridgestoneren langileen batzordeak deituta, Bizkaiko lantegiko beharginek greba eguna dute gaur, baita beste hiru egunez ere, zuzendaritzak egin asmo dituen 335 kaleratzeen kontra protesta egiteko.
Esan bezala, gaur, bihar eta datozen astelehen eta asteartean —maiatzaren 5 eta 6— izango dira lanuzteak, zuzendaritzarekin egingo diren hurrengo bilerekin bat eginda. Asteazken honetako batzarra ohi baino beranduago egingo dute, langileen batzordearen zati bat Bruselatik bueltatzeko astia izan zezan (Europako Parlamentuan izan ziren atzo, gatazka agerian uzteko).
Aurreko grebetan jazo zen moduan, gaur ere "erabat geldirik" egon da ekoizpena, langileen % 100k egin baitute lanuztearekin bat.
Basauriko lantegiko beharginen % 40ren kaleratzea dakarren Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) kontrako mobilizazio andana prestatu ditu lan-batzordeak. Atzo, esaterako, Europako Parlamentuan izan ziren beharginen ordezkariak, eta EAEko eta Kantabriako eurodiputatuekin bildu ziren (Puente San Miguel lantegian 211 kaleratze egitea planteatu du pneumatiko fabrikatzaileak).
Bihar, Langilearen Eguna baliatuta, manifestazioa egingo dute Basauritik Bilboko Moyua plazara. Astelehenean, berriz, Madrilera joango dira Japoniako (bertakoa da multinazionala) enbaxadaren aurrean protesta egiteko.
Langileen batzordeak asteak daramatza zuzendaritzarekin EEEa negoziatzen, eta Bizkaiko lantegiaren etorkizuna bermatuko duen industria plan bat galdegiten.