Ekonomia -

ITZALALDIA

Galanek esan du nuklearrak direla konponbide merkeena; Imazek, berriz, berriztagarrien alde egin du

Iberdrola eta Repsolen arduradunek euren konpainiek lehen hiruhilekoan izandako emaitzen aurkezpenetan hitz egin dute, eta, besteak beste, itzalaldiaren harira berriro zabaldu den eztabaidara batu dira.

Galan eta Imaz, artxiboko irudi banatan.
Galan eta Imaz, artxiboko irudi banatan.
Galan eta Imaz, artxiboko irudi banatan.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean izandako itzalaldi masiboak lehen lerrora ekarri du atzera berriz energiaren inguruko eztabaida. Oraindik ez da argitu zerk eragin zuen argindarraren etena Iberiar penintsula osoan, eta hainbat iritzi ari dira zabaltzen gaiaren inguruan. Gaur, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolaren presidentea eta Josu Jon Imaz Repsolen kontseilari idazkaria mintzatu dira horri buruz.

Bere aldetik, Galanek berretsi du zentral nuklearrak direla argindar sistemaren egonkortasuna bermatzeko "konponbide merkeena", eta bere hitzetan, egun Espainiako Estatuan dauden zentral nuklearrak "seguruak" eta "eraginkorrak" dira. Nolanahi ere, politika energetikoa erabakitzea "Gobernuaren ardura" dela erantsi du.

Madrilen hitz egin du Iberdrolako buruak, bere konpainiaren urte hasierako emaitzen berri emateko egindako agerraldian. Nuklearren "balioa" defendatu du, eta PwC aholkularitza-enpresak orain gutxi argitaratuko txosten bateko datuak jarri ditu mahai gainean, energia mota horren apustua dela "konponbidea" esateko.

Aldiz, orain arte bezala, berriztagarrien alde agertu da Imaz, eta ziurtatu du "legedia edozein dela ere, oraingoa edo etorkizunekoa", berriztagarriek "toki esanguratsua" izango dutela "energiaren ekoizpenean Espainian". Hark ere Madrilen egin ditu adierazpenok, bere taldearen emaitzen berri emateko ekitaldian.

Itzalaldiari buruz galdetu badiote ere, zuhur agertu da eta azaldu du ez duela gertatutakoaz hitz egingo, harik eta martxan den ikerketaren emaitzak argitu arte.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Repsol Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Energia berriztagarriak Energia