Ekonomia -
ITZALALDIA
Itzalaldia berriztagarriek eragin zutela esatea "arduragabea eta sinplista" dela adierazi du Aagesenek
Hipotesi guztiak oraindik irekita daudela berretsi du, eta "egun asko" igaroko direla benetako arrazoiak zeintzuk diren jakin arte.
agentziak | erredakzioa
Sara Aagesen Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikoko ministroak esan du "arduragabea eta sinplista" dela asteleheneko itzalaldiaren errua energia berriztagarriei egoztea, eta berretsi du hipotesi guztiek jarraitzen dutela irekita.
Horixe adierazi du El Paisek eta La Vanguardiak egin dizkioten elkarrizketetan. Ministroak azaldu duenez, "milaka eta milaka datu aztertu" behar dituzte itzalaldiaren arrazoia zein den jakiteko, eta oraingoz dakiten bakarra da oszilazio bi izan zirela, eta azkenean Europarekiko konexioa eten zenean gertatu zela huts elektrikoa.
Dena den, erabat "baztertu" du "berriztagarri kopuru handiagatik" gertatu izana; izan ere, horren arabera, egon dira berriztagarrien bidez energia gehiago sortu diren egunak, eta ez da arazorik egon.
Apirilaren 28koa bezalako gertakari bat berriro gertatzearen arriskuaz galdetuta, Espainiako Gobernuaren ordezkariak azpimarratu du "aparteko" segurtasun baldintzetan ari dela lanean orain sistema elektrikoa.
Horren harira, gehitu du ugaritzen ari direla energiarekin lotutako teknologiak eta segurtasun sistemak, baina horrek prezioen garestitzea ekarriko diela kontsumitzaileei.
Beatriz Corredor Red Electricaren presidenteari kontuak eskatzen dizkiotela eta, Aagesenek esan du lan "aparta" egin zuela Corredorek hornidura berreskuratzeko prozesuan.