Ekonomia -
lan-erregulazio espedientea
Bridgestoneko 300 bat langilek elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian Japoniak Madrilen duen enbaxadan
Astelehen honetan ere langileek greba eguna dute eta, Basauriko langileek 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, lantegiko zubian.
Agentziak | EITB MEDIA
Bridgestonek Basaurin (Bizkaia), Puente San Miguelen (Kantabria) eta Burgosen dituen lantegietako 300 bat beharginek elkarretaratzea egingo dute astelehen honetan Japoniak (multinazionalaren jatorrizko herrialdea) Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Asmoa da enpresak planteatutako enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) aurka egitea. Izan ere, guztira 546 langileri eragiten die neurri horrek: Basauriko 335 langileri eta Kantabriako 211 gizon-emakumeri. Gainera, gaurkoan ere langile-batzordeetako kideak Lan Ministerioko ordezkariekin biltzea aurreikusten da.
Ekintza horiek langileak espediente hori gaitzesteko egiten ari diren mobilizazioen barruan kokatzen dira, eta greba-egun berri batekin eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazio-mahaiaren bilerarekin bat etorriko dira.
Europa Pressi egindako adierazpenetan, Igor Mena zentroarteko batzordaren presidenteak adierazi du mobilizazio honekin Madrilen euren egoera "ikusarazi" eta berriro ere enpresak hartutako neurriaren aurka daudela adierazi nahi dutela.
Japoniako enbaxadaren aurrean 12:00etatik 14:00etara egingo dute elkarretaratzea, eta idazki bat aurkeztuko dute. Ondoren, Basauriko eta Kantabriako bi batzordeetako kideak Lan Ministerioko ordezkariekin bilduko dira.
Era berean, astelehen honetan langileek greba egingo dute, Basauriko langileek 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, lantegiko zubian.
Gainera, 10:30etik aurrera, enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazio-mahaiaren beste bilera bat dago aurreikusita, eta, hasiera batean, azken-aurrekoa izango da, hilaren 6an amaitzen baita kontsulten legezko epea.
Igor Menak adierazi duenez, une honetan jarrerak elkarrengandik "oso urrun" daude, eta "oso zaila" ikusten du enpresarekin akordioa lortzea. Azaldu duenez, Bridgestone negoziatzeko epea luzatzeko prest dago, baina, bere ustez, negoziazioa luzatzea justifikatzen duen planteamendu berriren batekin bertaratuz gero soilik izango luke zentzua.