Ekonomia -
BILBO
Esleitu dituzte Bizkaiko Teknologia Parkearen Bilboko Campusaren egoitza eraikitzeko lanak, Zorrotzaurren
Tarabusi eraikina zegoen tokian eraikiko dute egoitza. Azaroan eraitsi zuten, eta horren erreplika altxatuko dute orain. Adimen Artifizialaren Euskal Zentroa (BAIC) hartuko du Tarabusi egoitza berriak, uhartearen iparraldean.
EITB Media
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Campusa izango du Bilbon, Zorrotzaurreko uhartean, eta irlaren bi muturretan (Iparraldeko eta Hegoaldeko Puntak) bi jarduera-eremu bereizi sortuko dira. Hain justu, Iparraldeko Puntaren egoitza izango denaren lanak aurki abiatuko dituzte, esleipena egin berri baitute, Radio Euskadik jakin duenez.
Tarabusi eraikin industriala zegoen tokian altxatuko dute egoitza berria. Eraikina azaroan eraitsi zuten, eta horren erreplika egingo dute.
Juan Carlos Sinde Zorrotzaurreko batzorde kudeatzailearen gerenteak azaldu duenez, esleitutako lanek 12 milioi euroko aurrekontua dute, eta bi urteko iraupena. Tarabusi egoitzak (5.300 metro koadro) Adimen Artifizialaren Euskal Zentroa (BAIC) eta teknologia berrien erabilera intentsiboan espezializatutako enpresa teknologikoak hartuko ditu etorkizunean. Aurrez aurre, Lancor eta Konsoni pabilioi zaharberrituak izango ditu egoitzak.
Campusaren beste zatia Hegoaldeko Puntan eraikiko dute. Bertan egongo dira ezagutza arloko enpresa zerbitzu intentsiboak (KIBS) eskaintzen dituzten korporazioak eta start-upak eta industriari zerbitzu aurreratuak ematen dizkietenak.
Guztira, Bizkaiko Parke Teknologikoko Bilboko Campusak 133.000 metro koadro izango ditu, Zorrotzaurreko bi muturretan.