Ekonomia -

BANKETXEAK

BBVAk Sabadell erosteko egindako eskaintzari buruzko kontsulta publikoa zabalduko du Espainiako Gobernuak

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan duenez, eskaintzari buruzko erabakia "berme guztiekin" hartzea ahalbidetuko du kontsultak. Carlos Torres BBVAko presidenteak "errespetu osoa" agertu dio Espainiako Gobernuaren erabakiari.

Banco Sabadellen eta BBVAren egoitzak. EITB Mediaren muntaia.
Banco Sabadellen eta BBVAren egoitzak. EITB Mediaren muntaia.
Banco Sabadellen eta BBVAren egoitzak. EITB Mediaren muntaia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVAk Sabadell erosteko egindako eskaintzari buruzko kontsulta publikoa zabalduko du bihar Espainiako Gobernuak, erakundeek, herritarrek eta elkarteek gaiari buruz duten iritzia eman dezaten. Hala iragarri du Espainiako presidente Pedro Sanchezek, Bartzelonan egindako jardunaldi batzuetan. Bertan esan du bere "helburua" enpresei laguntzea dela, "tamainan zein lehiakortasunean" hazteko.

Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak joan den astean eman zion oniritzia erosketari, hainbat baldintza jarrita. Ia 12 hilabete behar izan ditu operazioa baimentzeko. Ebazpena, dena dela, ez da irmoa, eta Espainiako Gobernuak du azken hitza, zehazki, Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioak. Auzia Ministroen Kontseiluaren esku ere utz dezake. Lehiaren Batzordeak erosketari ezarri dizkion baldintzak aztertu beharko ditu Exekutiboak, eta nahi izanez gero, gogortu.

Sanchezen arabera, eskaintzari buruzko erabakia "berme guztiekin" hartzea ahalbidetuko du kontsulta publikoak. 

Epeak muturrera eramanda, udazkenean heldu liteke behin betiko onarpena. Hauxe da, legeari erreparatuta, hemendik aurrerako egutegia:

- Batzordearen ebazpenarekin 3. faseari ekingo zaio. Erakundeak erabakiaren berri emango dio Carlos Cuerpok zuzentzen duen Ministerioari. Horrek 15 egun baliodun ditu (hots, maiatzaren 22ra arte) gaia Ministroen Kontseilura eramango duen erabakitzeko.

- Sanchezen Gobernua operazioaren kontra azaldu da hasiera-hasieratik, eta, beraz, pentsatzekoa da Ministroen Kontseiluan aztertuko dutela gaia. Exekutiboak hilabete du horretarako. Horrenbestez, ekainaren 22ra arte du iritzia emateko. Interes orokorreko argudioak emanda, baldintzak gogortu ditzake.

- Horren ondotik, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak onarpen txostena eman beharko du.

- Behin betiko onarpena egiteko, 15-70 eguneko tartea dago, BBVAk zehaztu beharrekoa. Sabadellen akziodunen txanda izango da orduan. Zaila da data jakinak aurreratzea, baina litekeena da uztailean abiatzea, ia jarduerarik ez duen hilabetearen (abuztua) atarian.

- Hori horrela, prozesua katramilatuko balitz eta Espainiako Gobernuak baldintza gehiago jarriko balitu, behin betiko ebazpena udazkenean heldu liteke.

Carlos Torres BBVAko presidenteak "errespetu osoa" agertu dio Espainiako Gobernuaren erabakiari. Zuzendariak erantsi duenez, Sabadellekin batzea "hazteko ez ezik, guztiontzako onurak dakartzan proiektua da" Espainian, Katalunian eta Europan.

Alicia Romero Kataluniako Generalitateko Ekonomia eta Finantza kontseilariak txalotu egin du Sanchezen Gobernuak ekonomia mundua "entzutea" operazioaren inguruan erabakitzeko.

"Albiste ona iruditzen zaigu Gobernuak eragile sozial eta ekonomikoei eta beren iritzia eman nahi duten erakundeei entzun nahi izatea, zorrotza eta profesionala izan behar baitu", azpimarratu du kontseilariak. Kontsulta publikoaren iragarpenarekin Sanchezek "bide ona" hartu duela ziurtatu du Romerok.

Isaac Albert ERCko Komunikazio idazkariordeak adierazi duenez, bere alderdiak "ezin hobeto" ikusten du kontsulta publikoaren iragarpena. "Gu beti gaude hautestontzien eta balizko galdeketa guztien alde. Hau da, iritzi publikoak zer pentsatzen duen jakiteko bidea bada, guri ezin hobea iruditzen zaigu", berretsi du prentsaurrekoan, eta esan du bere alderdiarentzat operazioa ez dela albiste ona.

Josep Rius Juntseko bozeramaileak kontsulta publikoa eragile sozial eta ekonomikoei entzuteko eta erosketa geldiarazteko aprobetxatzea eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari.

"Beti egon gara erosketaren aurka. Orain Gobernuari dagokio operazio hau geldiaraztea. Interes orokorreko eta eragin sozial argiko arrazoiak ditu geldiarazi ahal izateko", nabarmendu du alderdiaren zuzendaritza bildu osteko prentsaurrekoan.

Juan Bravo PPko Ekonomia idazkariordeak adierazi duenez, kontsulta publikoa hauteskunde orokorrak izan beharko lirateke, Espainian bizi diren salbuespenezko egoera guztiengatik.

"Agian kontsulta publikoa izan liteke espainiarrek iritzia emateko aukera izatea, ez bakarrik operazio ekonomiko honi buruz, baita herri honetan bizitzen ari garen salbuespenezko egoerei buruz ere", adierazi du Bravok prentsaurreko batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur BBVA Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak