Ekonomia -
BANKETXEAK
Kutxabank euskal enpresetan dozena bat inbertsio operazio "handi" egitea aztertzen ari da
Hala ere, banketxeak ez du "antzeko tamainako" beste banku batekin bat egiteko edo erosteko aukerarik ikusten, "horrelako aukerak ahultasun garaian izaten baitira, eta hori ez da sektorearen oraingo egoera".
agentziak | eitb media
Anton Arriola Kutxabanken presidenteak jakinarazi du INDAR inbertsio elkarte sortu berria euskal enpresetan dozena bat inbertsio operazio "handi" egitea aztertzen ari dela.
Deusto Business Alumni foroan emandako hitzaldian azaldu duenez, 500 milioi euroko aurrekontua duen elkartearen helburua "euskal sare ekonomikoa dinamizatzea eta errotzea" da, "enpresa eragileen" finantzazioaren bitartez, hala "kanpoko funtsetara jotzeko beharrik izan ez dezaten".
"Azken hileotan etengabe ari gara elkarrizketak izaten enpresekin, eta orain dozena bat operazio handi egitea aztertzen ari gara. Kasu batzuetan 100 milioi inguruko hasierako inbertsioa eskatzen dute, beraz, bazkide gehiago beharko genituzke gero", azaldu du.
Elkarte hori burtsara eramatearen inguruan galdetuta, Arriolak aitortu du oraingoz "ilusio bat" besterik ez dela, zeren "lehenik kartera erakargarri bat eraiki beharra dago, eta burtsara ateratzea albiste ona izango litzateke".
Kutxabankek hazteko dituen aukeren inguruan galdetuta, presidenteak esan du "aukera txikiak" aurkitzeko "bilaketa-lanetan" ari dela. Hala ere, banketxeak ez du "antzeko tamainako" beste banku batekin bat egiteko edo horrelakorik erosteko aukerarik ikusten, aukera horiek "ahultasun garaian izaten baitira, eta orain sektorea ez dago horrela".
Arriolak Benetan 2025-2027 egitasmoaren erronkak ere izan ditu hizpide, eta gogorarazi du hor 620 milioi euroko inbertsioa egingo dutela eraldaketa digitalerako, eta 450 profesional gehiago batuko zaizkiola proiektuari.