Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Bridgestonek enplegu erregulazioko espedientearen baldintzak leundu eta kaleratze-kopurua birpentsatuko du
Kaleratzeagatiko ordaina 27 egunetik 35era igo du, eta aurre-erretiro egitasmo batez negoziatzeko prest dago. Sindikatuak eta enpresa hilaren 8an eta 12an elkartuko dira berriro, eta langileek grebari eutsiko diote.
agentziak | eitb media
Bridgestoneren zuzendaritzak hobetu egin ditu Basauriko (Bizkaia) eta Puente San Migueleko (Kantabria) lantegietarako enplegu erregulazioko espedienteen baldintzak, kaleratzeengatiko ordaina 27 egunetik 35era igoz, eta kaleratze-kopurua birpentsatzeko prest agertu da.
Zuzendaritza eta sindikatuak bosgarrenez elkartu dira gaur Japoniako multinazionalak espedientea aurkeztu zuenetik. Basauriko lantegian 335 pertsona kaleratzea aurreikusten du, eta gaur bederatzigarren greba eguna egin dute.
Gaurko batzarrean, sindikatuen arabera, negoziaziorako epea luzatzea adostu dute, eta enpresa aurre-erretiro egitasmo bat negoziatzeko prest agertu da. Azken hori berria da, 55 urtetik gorako langileak hasiera batean espedienteak ekarritako kaleratzeetatik kanpo geratuko omen zirelako.
Egitasmoa zehazteke dago, eta baliteke negoziazio mahaiaren hurrengo bileran adostea.
Gainera, enpresa kaleratze kopurua berrikusteko prest agertu da, izan ere, sindikatuentzat "puztuta" dago, eta egokitu egin beharko litzateke enpresak hitzemandako ekoizpen aurreikuspenak betetzeko.
Aipatu iturrien arabera, kamioientzako eta autobusentzako ekoizpen aurreikuspenak gaindituz gero, eskari gehigarria ere bere gain hartuko luke Basauriko lantegiak. Bridgestoneren "premium" gurpil-azala ere ekoitziko luke.
Enpresak 27 egunetik 35 egunera igo du kaleratzeagatiko kalte-ordaina, legeak ezartzen duen gutxienekoa baino 15 egun gehiago. Baina sindikatuek gogorarazi dutenez, 2012ko kaleratze kolektiboan 43 egunekoa izan zen ordaina, eta ez dute onartuko hortik beherako proposamenik.
Maiatzaren 19ra arte atzeratu dute bi aldeek enplegu erregulazioko espedientea negoziatzea. Biharko zegoen deituta azken batzarra, baina bertan behera geratu da, sindikatuek proposamen berria azter dezaten, eta hilaren 8an eta 12an dira berriro elkartzekoak.
Hala ere, sindikatuek eutsi egingo diote biharko deitutako grebari, eta asanblada orokorra egingo dute Basauriko lantegian mobilizazio egutegi berria adosteko.
Astelehen honetako greban, Bridgestoneko langileak Madrilera joan dira Japoniak Espainian duen enbaxadaren aurrean protesta egitera eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroarekin eta Industria Ministerioko ordezkariekin biltzera.
Hain zuzen ere, Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak Bridgestoneri lan-erregulazioko espediente bat egitea leporatu dio, nahiz eta enpresak "urtero mozkin handiak izan", Bluesky sare sozialean argitaratu duenez.
"Bridgestonek irabazi handiak ditu urtean. Hala ere, lan-erregulazioa egitea erabaki du. Beren lanpostuei eusten saiatzen ari diren beharginei nire babesa berriro adierazten diet. Gure herrian laneko arauak aldatu ditugu, kaleratzearen alternatibak egon daitezen. Legea bete behar dute", idatzi du Diazek sare sozialean, eta, langileekin bilduta, bi argazki ere argitaratu ditu.