Ekonomia -

LANGABEZIA

Gizarte Segurantzako afiliazio-kopuruak marka historikoa ezarri du EAEn eta Nafarroan apirilean

Guztira, 1.024.840 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda EAEn, eta 313.192, Nafarroan. Martxoarekin alderatuta, 2.402 afiliatu gehiago daude EAEn eta 2.186 gehiago, Nafarroan. Halaber, langabeziak % 1,39 egin du behera EAEn eta % 3,17 Nafarroan, apirilean.

Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte Segurantzako afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du apirilean Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, Espainiako Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioak astearten honetan zabaldutako datuen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.024.840 pertsona zeuden apirilean Gizarte Segurantzan izena emanda, azken hilabetean 2.402 afiliatu (% 0,23) eta azken urtean 11.124 (% 1,10) irabazita.

Guztira, 168.265 afiliatu ditu Arabak, 516.099 Bizkaiak 340.477 Gipuzkoak. Halaber, hiru lurraldeetan okupazioak gora egin du bai azken hilabetean eta baita azken urtean ere. Martxotik apirilera igoera handiena Gipuzkoan gertatu da (% 0,28), Bizkaiaren (% 0,23) eta Arabaren (% 0,16) aurretik. Urte arteko datuei erreparatuta, berriz, Bizkaian gertatu da hazkunderik handiena (% 1,46), Gipuzkoaren (% 0,70) eta Arabaren (% 0,82) aurretik.

Bestalde, 2.186 afiliatu (% 0,70) irabazi ditu Nafarroako Gizarte Segurantzak, eta iaz hilabete berean baino 5.018 gehiago (% 1,63) dira. Gauzak horrela, guztira, 313.192 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan. 

Espainiako Estatuan ere inoizko afiliatu kopuru handiena zenbatu dute apirilean, 21.588.639 guztira. Martxotik apirilera 230.993 afiliatu gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan, ia erdiak ostalaritzan Aste Santuko kanpainak bultzatuta.

Langabeziak % 1,39 egin du behera EAEn eta % 3,17 Nafarroan, apirilean

Langabeziaren bilakaera positiboa izan da apirilean, bai EAEn eta baita Nafarroan ere, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak zabaldutako datuen arabera. Langabezia tasa % 1,39 jaitsi da (1.503 langabe gutxiago) EAEn martxoarekin alderatuta, eta, guztira, 106.811 pertsona daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, berriz, 967 pertsona gutxiago zeuden izena emanda apirilean (% 3,17), eta, guztira, 29. 491dira lanik gabe daudenak.

2024ko apirileko datuen aldean, 2.742 langabe gutxiago (% 2,50 gutxiago) daude EAEn; Nafarroan, iazko hilabete berean baino 750 langabe gutxiago (% 2,4) zenbatu dituzte.

Langabezik behera egin du EAEko hiru lurraldeetan. Bizkaian aurreko hilean baino 1.070 langabe gutxiago daude (% 1,75) eta iaz epe berean baino 1.621 gutxiago (% 2,63). Araban, martxoan baino 165 langabe gutxiago (% 0,88) daude eta iazko apirilean baino 220 gutxiago (% 1,17). Azkenik, Gipuzkoan, 268 langabe gutxiago erregistratu dituzte apirilean (% 0,94) eta 901 gutxiago (% 3,09) iazko apiriletik aurtengo apirilera.

Kontratazioari dagokionez, 48 770 kontratu berri sinatu ziren apirilean, aurreko hilabetean baino 8.729 gehiago eta iazko apirilean baino 6.602 gutxiago (% 11,92). Kontratu horietatik % 24 izan ziren mugagabeak (11.700 kontratu).

Espainiako Estatuan 2.512.718 langabe zeuden Espainiako Estatuan apirilaren amaieran, 2008ko uztailetik izandako kopururik txikiena. Martxotik apirilera 67.420 pertsona gutxiago zenbatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Mundu mailako ezegonkortasun ekonomikoa gorabehera, "joera positiboa berretsi da sektore guztietan; batez ere, urte arteko terminoetan", Eusko Jaurlaritzaren arabera. Gainera, langabeziak behera egin du "lehentasunezko" kolektibo guztietan: gazteak, emakumeak eta 45 urtetik gorakoak.

Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak azpimarratu duenez, "apirileko datuek joera positiboa berretsi dute, urte arteko tasa negatiboak ondoz ondoko zazpi hilabetetan batu ostean". Halaber, Gizarte Segurantzan izena emandakoak inoiz baino gehiago direla nabarmendu du. 

Nafarroako Gobernuak ere langabezia eta afiliazio datuen balorazio positiboa egin du, eta "lan merkatuaren dinamika ona" azpimarratu du.

Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariaren arabera, enpleguaren joera ona "sendotu" egin da, lanpostuak sortzen jarraitzen dutelako, langabezia modu egonkorrean murrizten ari delako eta afiliazioak marka historiko berri bat ezarri duelako. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Nafarroa gaur EAE Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak