Ekonomia -

LANA

Lanaldiaren murrizketa onartu du Ministroen Kontseiluak, Kongresuan babesak ziurtatuta ez dituela

Testua Kongresuan eztabaidatu eta onartu beharko dute, eta bertan giroa gaiztotu berri zaio Espainiako Gobernuari, Juntsek osoko zuzenketa aurkeztuko duela iragarri baitu. Yolanda Diazek, baina, garrantzia kendu dio eta "negoziatzeko tartea" badagoela nabarmendu du.

Yolanda Diaz, Kongresuan duen eserlekuan. EFE
Yolanda Diaz, Kongresuan duen eserlekuan.
Yolanda Diaz, Kongresuan duen eserlekuan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanaldia 37,5 ordura murrizteko lege-proiektua onartu du gaur Ministroen Kontseiluak. Hori horrela, testua Kongresuan eztabaidatu eta onartu beharko dute orain, eta aurrera ateratzeko babesak negoziatu beharko ditu Espainiako Gobernuak, Juntsek bezperan iragarritako osoko zuzenketa gorabehera.

Proiektua joan den astean onartu behar zuen Ministroen Kontseiluak, baina, itzalaldia dela eta, asteon egitea ebatzi zuen exekutiboak. Atzerapena baliatu nahi izan du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak murrizketaren onurak aldarrikatu eta patronalei jarreraz alda dezatela eskatzeko.

Ministroen Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan ministroak azpimarratu du gaur onartutakoa ez dela "edozein lege". Horren esanetan, lanaldia murrizteak "lan mundua modernizatu" eta "jendea zoriontsuago" izatea eragingo du.

Diazek uste du ez dagoela "atzera bueltarik", eta murrizketa onartu onartuko dutela azpimarratu. Ministroak argiro adierazi duenez, Espainiako Gobernuak "etxeko lanak egin ditu, hitzari eutsi dio. Orain, demokraziaren etxera helduko da, Kongresura".

Horren ildoan, PPri zuzendu zaio, eta aukeratzeko eskatu: "Lan-erreformarekin egin zuen bezala, araua bertan behera uztea eragin dezake ala bere boto-emaileek nahi dutena egin".

Juntsek aurkeztuko duen osoko zuzenketari garrantzia kendu dio eta "negoziatzeko tresna" dela erantsi. "Badago negoziatzeko tartea", argitu du.

Horren harira, gaineratu du ezein alderdik ez duela esan neurri horren kontra dagoenik. Diazen hitzetan, "halakorik ez badiote, herritarrek babestu egiten dutelako da".

Izan ere, Diazen arabera, murrizketak 12 milioi langileri mesede egingo die, batez ere lan-hitzarmen kolektiboa ez dutenei eta ostalaritzan, merkataritzan, nekazaritzan eta zerbitzuetan lan egiten dutenei. 

Juntsen osoko zuzenketa

Ohi bezala, inbestidura bazkideen babesa bilatu beharko du koalizio gobernuak Kongresuan. Atzo bertan, negoziazioa zaildu egin zitzaion exekutiboari, Juntsek lege proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko ziola jakinarazi baitzuen. Katalanen balizko ezezkoa PPren eta Voxen kontrako botoekin batuko balitz, ezerezean geratuko litzateke Lan Ministerioaren proiektu izarretakoa izan dena.

Miriam Nogueras Juntsen bozeramaileak azaldu zuenez, testua "Espainiako sindikatuekin bakarrik negoziatu du gobernuak, Kataluniako ehun produktiboari bizkarra emanez". Horren ustez, lanaldi murrizketa "Kataluniako autonomo eta enpresa txiki-ertainen kontrako eraso zuzena da". 

CCOOk eta UGTk Juntsen osoko zuzenketa kritikatu dute, eta ohartarazi talde politikoak "presionatuko" dituztela Lan Ministerioarekin adostutakoa urratu ez dadin. CEOE patronalak, bestalde, "erantzukizuna" eskatu die alderdiei, murrizketak ekarriko dituen ondorio txarrak kontuan har ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lana Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya