Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailea deitu du ostegunerako eta proposamen berria iragarri du
"Ratioak jaistea", "irakasle kopurua handitzea" eta "arrazoizko soldata proposatzea" daude, besteak beste, Jaurlaritzak mahai gainean ipiniko duen proposamenean, Pedrosa sailburuak aurreratu duenez.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
EAEko Hezkuntza publikoko sindikatuek (Steilas, LAB, ELA eta CCOO) beste bost greba egun erregistratu —maiatzaren 12tik 16ra— eta biharamunean, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak negoziazio mahai sektoriala deitu du datorren ostegunerako, maiatzaren 8rako. Bertan, proposamen berria jarriko die mahai gainean sindikatuei Gasteizeko Gobernuak. "Proposamen berri, bideragarri eta on bat", esan du sailburuak.
Asteroko Gobernu Bileraren ondoren egin duen agerraldian iragarri du hitzordua Pedrosak. Esan du Jaurlaritzaren lehentasuna "akordioa ahalik eta azkarren" lortzea dela, eta horretarako, "bere esku dagoen guztia" egiten ari dela. "Gure ikasleen oraina eta etorkizuna dago jokoan, gure hezkuntza sistemarena. Negoziazio honen hasieratik lortu nahi dugun akordioak etorkizuneko benetako apustua izan behar duela defendatu dugu", zehaztu du.
Aurreratu duenez, lantzen ari diren proposamenak, besteak beste, Lehen Hezkuntzan "ratioak 22ra jaistea" jasoko du, "ikasleei hobeto erantzuteko", eta baita ere "ikastetxe guztietan irakasle kopurua handitzea", ikasle etorri berrien eta behar bereziak dituztenen premiak egokiago bideratzen laguntzeko.
Soldatei dagokienez, Pedrosak esan du, hitzez hitz,"arrazoizko soldata-igoera proposamena" aurkeztuko zaiela sindikatuei, "testuinguru zail eta konplexuetan" lan egiten duten irakasleen jarduna aitortzeko. Hizkuntza proiektuetara zuzendutako baliabideak indartzea ere aurreikusten da.
Neurri horiek "ikastetxeen eskariei" zuzenean erantzuten dietela esan du sailburuak. "Baliabide gehiago, ikastetxeak indartzeko, irakasleei laguntza gehiago emateko eta ikasleen emaitzak hobetzeko", erantsi du.
Horiek esanda, nabarmendu du ez direla negoziazio mahaitik altxatuko harik eta "begirada etorkizunean duen akordio serio" bat adostu arte. Berretsi du, halaber, Hezkuntza Sailak horretarako "borondate eta konpromiso irmoa" dituela.
Irakasleen aldarrikapenak
Mobilizazioei ekin zietenetik, sindikatuek behin eta berriz salatu dute irakasle publikoek 15 urte daramatzatela lan-akordioa eguneratu gabe. Lan-kargak arintzea, plantillak gaztetzeko, enplegu publikoa sendotzeko eta bermatzeko plan egokia ezartzea eta erosteko ahalmena berreskuratzea daude euren aldarrikapenen artean.
Lan-osasuna, euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak ere eskatzen dituzte.