Ekonomia -
EEE
Protestak deitu dituzte Arcelor Mittalen Legasako eta Aguraingo plantetan, erregulazioko espedientea salatzeko
ELAk deituta, bihar, asteazkena, bi orduko lanuztea egingo dute, 13:00etatik aurrera, eta etzi, osteguna, egun osoko greba eta elkarretaratzea. Azken hori Iruñeko lantegiaren parean egingo dute, 14:30ean.
EITB MEDIA
Arcelor Mittal enpresaren zuzendaritzak iragarri du Legasako (Nafarroa) eta Aguraingo (Araba) lantegietan enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) ezarri behar duela, eta horren kontrako mobilizazioak deitu ditu ELA sindikatuak.
Gaur zabaldutako ohar batean, zentralak jakinarazi du enpresak aurkeztutako EEEak Aguraingo plantako 38 langileetatik 33 kanporatzea ekarriko duela, eta Legasan 45etik 40 geratuko dira kalean.
Lehen lanuztea bihar (maiatzak 7) egingo da, eta 2 ordukoa izango da, 13:00etatik aurrera. Ostegunean (maiatzak 8), berriz, greba eguna izango dute, eta Legasako eta Aguraingo langileak Iruñeko lantokira joango dira, elkarretaratzea egiteko. Bilkura 14:30ean hasiko da, enpresarekin aurreikusita duten bilera hasi baino 30 minutu lehenago.
Sindikatuaren arabera, "enpresak lantokietatik urrundu nahi izan du negoziazioa, eta, beraz, langileak Berriobeitira joango dira enpresaren erabakiak eta jarrera salatzeko". Halaber, "grebaren eragina gutxitzeko asmoz", zuzendaritzak "gutxieneko zerbitzuak inposatu" dituela ere salatu du sindikatuak, "funtsezko sektorea ez izan arren".