Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZAN

Hezkuntzako sindikatuak mesfidati, Sailak egin asmo dien proposamen berriaren aurrean

Steilas, LAB eta ELA sindikatuak estu hartu dute Jaurlaritza bileraren deialdia eta proposamenaren gakoak hedabideen bitartez jakinarazteagatik. Are gehiago, LABek aztertuko du negoziazio mahaian parte hartuko duen.

Sindikatuak, datorren asteko greba deialdia erregistratu ostean. EFE
Sindikatuak, datorren asteko greba deialdia erregistratu ostean.
Sindikatuak, datorren asteko greba deialdia erregistratu ostean. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mesfidati eta haserre. Hala agertu dira EAEko Hezkuntza publikoko sindikatuak Begoña Pedrosa sailburuak iragarritako bilera eta proposamen berriaren harira. Langileen ordezkariek ez dute oraindik esku artean Hezkuntza Sailaren testua. Sailburuak atzo prentsaurrekoan aurreratu zuenez, "ratioak jaistea", "irakasle kopurua handitzea" eta "arrazoizko soldata proposamena" jasoko ditu dokumentuak.

Irakasleen artean nagusi den Steilas sindikatuaren ustez, "larria" da Jaurlaritza "hedabideekin jolasten" ibiltzea bere proposamenak "saltzeko". Haizea Arbide sindikatuaren bozeramaileak azpimarratu du hitzez esandakoa idatziz jasota ikusi nahi dutela. Hala, uste du Pedrosaren adierazpenak "edukiz hustuak eta zehaztapen bakoak" direla.

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Arbidek salatu du bilera "berandu" heldu dela. "Hilabetean ez dugu Departamentuaren berri izan", argitu du. 

Ildo beretik mintzatu da LAB ere. Ohar bidez, sindikatuak "larritzat" jo du balizko proposamen berri baterako edukiak ahoz eta medioen bidez zabaldu izana eta hiru ordu geroago sindikatuei idatzizko proposamenik helarazi gabe jarraitzea ere. Horren iritzian, jokaera horrek "garrantzia kendu" dio mahaiari eta langile eta sindikatuekiko "errespetu falta" da. Hori horrela, LABek aztertuko du bilera horretan parte hartuko duen.

"Argi dugu negoziaketarako proposamena medioen bitartez egitea, aurrez sindikatuei inolako idatzizko proposamenik helarazi gabe, marketinga dela", gaineratu du.

ELAk "kautela handiarekin eta espektatiba gutxirekin" jaso du Hezkuntza Sailaren deialdia. Ohar batean, salatu du Jaurlaritzak ez diela oraindik idatzizko proposamena helarazi eta nabarmendu du, aldarrikapenei erantzuten ez dien testua izatekotan, greba deialdiari eutsiko diola.

CCOOk ez du oraingoz adierazpen publikorik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Steilas Lan gatazkak