Ekonomia -
ERREFORMA FISKALA
Euskadik fiskalitate bateratua izango du, Gipuzkoan erreforma onartu baitute
Lurralde horretan EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik, eta, beraz, ezinbestean Elkarrekin Podemosen babesa behar izan dute, urtarrilaren 1etik aurrera atzeraeraginez ezarriko diren aldaketa fiskalak aurrera ateratzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
EAEk fiskalitate bateratua izango du, Gipuzkoako Batzar Nagusiek EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemosekin adostutako erreforma fiskala onartu baitute.
Bozketen eskema berdina izan da hiru lurraldeetan: zerga aldaketek aurrera egin dute akordioa sinatu duten alderdien aldeko botoekin eta gainerakoen ezezkoarekin, Gipuzkoan EH Bilduk eta PPk egin dute kontra.
Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osorik ez duten lurralde honetan, ezinbestekoa izan da alderdi morearen babesa urtarrilaren 1etik aurrera atzeraeraginez ezarriko duten aldaketa fiskalak aurrera ateratzeko.
Itziar Agirre Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak defendatu du osoko bilkuran erreforma fiskala, eta, adierazi duenez, 330.000 zergadunentzat izango da onuragarria, hau da, zerga guztien % 80rentzat.
Agirrek nabarmendu duenez, zerga-aldaketa horiek "onak dira lurraldearentzat", zerga-esparru "sendoa, egonkorra eta koherentea" eskaintzen dute, eta neurri ugari jasotzen dituzte pertsonak babesteko, batez ere, baina baita ekonomia-sarea babesteko ere.
Diputatuaren hitzetan, erreforma fiskala aurrera ateratzeko akordio instituzionalak eta gehiengo parlamentarioak lortzeko beharrak proban jarri ditu inplikatutako guztiak, eta agerian utzi du ituna posible dela lortzeko borondatea badago.
Azken baieztapen hori kritikatu dute EH Bilduk eta PPk, eta gaurkoan ere aurrera atera ez diren zuzenketa partzial batzuk azkenera arte defendatu dituzte.
Haritz Perez EH Bilduko batzarkideak esan du EAErentzat "benetako erreforma fiskala" ukatu dutenek "azalpenak eman behar dizkietela euskal herritarrei", diru-kutxa publikoek 235 milioi euro gutxiago jasoko baitituzte Osakidetza bezalako zerbitzu publikoetarako.
Bere iritziz, egindako aldaketek tratu pribilegiatua ematen diete errenta altuei langileentzako laguntzak ukatzen dituzten bitartean, eta deitoratu egin du foru gobernuaren negoziatzeko borondaterik eza eta Gipuzkoako Batzarretan egindako ponentzia monografikoan adostutakoa onartzeko konpromisorik eza.
Mikel Lezama PPko bozeramaileak EBBren diziplinara makurtzea leporatu dio Eider Mendoza ahaldun nagusiari, Gipuzkoan lortutako adostasunak "paper bustian" geratu zirelako, "EAJko presidentearen dei batek" hiru lurraldeetan akordio berdina onartzera behartu zuelako.
EAJren "interesei soilik erantzuten dien" erreformak izango dituen ondorioak deitoratu ditu Lezamak, sektore ekonomiko batzuetan piztu dituen ahots kritikoak nabarmendu ditu, eta Mendozari ohartarazi dio konfiantza une batean hautsi egingo dela.
Aitzitik, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko ordezkariak zerga-erreforma bat aurrera ateratzeko EAEn egindako "akordio ona" defendatu du, eta, kalkuluen arabera, "euskal herritarren % 50ek egoera hobetuko dute".
"Oxigenozko baloia ematen diogu euskal gizartearen gehiengoari", azpimarratu du Etxebestek, eta erreformak etxebizitza eskuratzeko arazoari, familia eta lana uztartzeko arazoari eta deskarbonizazioaren erronkari irtenbideak ematea proposatzen duela adierazi du.
Jesus Zaballos PSE-EEko kideak "diskurtso faltsuekin herritarrak engainatzeari" uzteko eskatu die EH Bilduri eta PPri, onartutako foru araua "Gipuzkoarentzat eta gipuzkoarrentzat ona den erreforma fiskala" baita.
Batetik, PPri leporatu dio "Ayusoren eredua" defendatzea, eta, bestetik, EH Bilduri Gipuzkoa eraldatzeko lan gogorrarekin bat egiteko aukera galdu izana: "Batzarretan gehiengoa duen taldea izango zarete, baina zuen 22 eserlekuak ez dira balio ari gipuzkoarren bizitza hobetzeko".
Ianko Ganboa EAJko bozeramaileak "populistatzat" jo ditu EH Bilduren eta PPren diskurtsoak, eta Lezamak diputatu nagusiaren inguruan egindako adierazpenak "infantilismoa eta gustu txarra" direla esan du. Halaber, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek EAEk zerga sistema progresiboa eta bidezkoa izan dezan erakutsi duten akordiorako gaitasuna defendatu du.