Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hezkuntzako negoziazio mahaia, Manchester - Athletic eta konklabearen bigarren eguna
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko maiatzaren 8an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hezkuntzako negoziazio mahaia: Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak negoziazio mahai sektoriala deitu du gaurko, eta, bertan, proposamen berria jarriko die mahai gainean sindikatuei. Bilera 15:00etan hastea espero da, baina azken negoziazio mahaiaren hasiera asko atzeratu zen. Sailburuak aurreratu zuenez, lantzen ari diren proposamenak, besteak beste, Lehen Hezkuntzan "ratioak 22ra jaistea" jasoko du, "ikastetxe guztietan irakasle kopurua handitzea" eta "arrazoizko soldata-igoera proposamena". Steilas, LAB eta ELA sindikatuek estu hartu dute Jaurlaritza bileraren deialdia eta proposamenaren gakoak hedabideen bitartez jakinarazteagatik
- Manchester United - Athletic: Athleticek Manchester Uniteden aurkako Europa Ligako finalerdietako itzuliko partida jokatuko du, 21:00etatik aurrera, Old Trafforden. Talde zuri-gorriak joaneko 0-3koa irauli beharko du datorren maiatzaren 21ean San Mamesen jokatuko den Europa Ligako finalean egon nahi badu. Ernesto Valverde entrenatzaileak aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan. Iñaki Williams, Nico Williams eta Oihan Sancet jokalariek ez dute parte hartuko, lesioagatik, eta Dani Vivian atzelariak, zigortuta dagoelako.
- Konklabearen bigarren eguna: Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratu behar duten 133 kardinalak Kapera Sistinoan giltzapetuko dira konklabearen bigarren egunean, atzoko fumata beltzaren ostean.