Ekonomia -

Euriborra

Interesak baxu, kontsumoa bultzatu eta atzeraldi ekonomikoa ekiditeko asmoz

Euriborrak beheranzko bidean jarraitzen du azken asteetan. Albistea eskertu egingo dute zorren bat itzultzen ari direnek, hipoteka aldakor bat dutenek adibidez, baina ez dira bakarrak izango, enpresentzat eta administrazio publikoentzat ere berria ona baita, ziurgabetasun egoera honen erdian.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzeraldi ekonomikoaren mamuak inflazioaren beldurra ordezkatu du Europako Banku Zentralean. Europako finantza erakundeak ohartarazi du AEBk iragarritako muga-zergek sortu duten merkataritza-tentsioak eragin negatiboa izango duela eurogunearen aurreikuspen ekonomikoetan. Bereziki kezkagarriak dira duela gutxi arte Europako ekonomiaren motorra izan den Alemaniako datuak.

Hala, jarduera ekonomikoa gehiegi ez geldiarazteko eta kontsumoa bultzatzeko asmoz, EBZ interes-tasak murriztuz joan da 2024tik. Apirilaren 17ko azken bileran, % 2,25ean kokatu zituen, eta mugimendu horren ondorioz, euriborrak, Europako bankuek beren artean dirua mailegatzen duten tasen batez bestekoa baliatuta lortzen den indizeak, ere beheranzko bidean jarraitzen du.

Duela hilabete batzuk arte, EBZren kezka nagusia kontrakoa izan da: inflazioa (prezioen igoera). Indize hori beti % 2 inguruan mantentzen saiatzen da, baina 2022an, Ukrainan gerra piztu zenean, prezioek gora egin zuten eta egoera kontrolatzea oso zail jarri zen. Europako Banku Zentralak interes-tasak igota erantzun zuen, kontsumoa geldiarazteko eta prezioen igoera murrizteko. Gaur egun, ordea, esan daiteke inflazioari buruzko kezka gaindituta dagoela, apirilean % 2,2an kokatu baitzen.

Orain, tasa baxuei eustea da jarraitzen ari diren estrategia, aurreikuspen ekonomikoek eta, muga-zergen kezkaren ondorioz, euroak dolarraren aldean hartu duen indarra ikusita.

Interes-tasen igoera eta jaitsiera horiek zuzenean eragiten diote euriborrari, familiei eta enpresei ematen zaizkien mailegu askoren interesak ezartzeko erabiltzen den indizeari. Une honetan, 12 hilabeterako euriborraren maiatzeko batez bestekoa % 2,041ean dago, eta, 2024ko maiatzarekin alderatuta, % 1,5 moteldu da. Beraz, hipoteka aldakorra egun hauetan berrikusi behar dutenek edo berria kontratatu behar dutenek kuota merkeagoak izango dituzte.

Adibide bat jartzearren, 150.000 euroko hipoteka aldakor baten kasuan (25 urtean bueltatzekoa eta % 1eko diferentziala duena) kuota 135 euro jaitsiko da iazkoarekin alderatuta, 974,15 eurokoa izatetik 839,6 eurokoa izatera igaroko baita.

Egoera honek beste eremu batzuetan ere mesede egiten du, ez du soilik etxebizitza ordaintzen ari direnei edo etxebizitza erostera doazenei. Enpresa askorentzat ere albiste oso ona da. Izan ere, interesak merkeago egonda, inbertsio berriak egitera animatu daitezke Niko Cuenca ekonomistaren hitzetan. Maileguren bat eskatzea errazago egingo zaie kostuak jaitsiko zaizkielako, eta hori "testuinguru geopolitikoak eragindako ziurgabetasun egoera honetan, argi-izpi bat da".

Azkenik, hirugarren onuradunak administrazio publikoak dira, zor publikoaren prezioa murriztuko zaielako. Hori garrantzitsua da defizita kontrolatzea hain garrantzitsua den garai hauetan.

Egoera honen ifrentzuan, ordea, aurrezkiak dituztenak daude. Interes-tasak eta euriborra jaitsita, aurrezkiengatik ateratzen duten errentagarritasuna txikiagoa izango da. Alde batetik, epe finkorako gordailuengatik interes txikiagoak ordainduko dituzte finantza erakundeek, eta, bestetik, Altxorraren letretan inbertitzen dutenek ere etekin txikiagoak izango dituzte.

Niko Cuenca: ''Euriborraren jaitsiera argi-izpi bat da enpresa askorentzat ziurgabetasunaren erdian''
Niko Cuenca: ''Euriborraren jaitsiera argi-izpi bat da enpresa askorentzat ziurgabetasunaren erdian''
Niko Cuenca: ''Euriborraren jaitsiera argi-izpi bat da enpresa askorentzat ziurgabetasunaren erdian''

2:11
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Europako Banku Zentrala