Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Bridgestonek 45 kaleratze gutxiago eta 57 urtetik aurretiko erretiroak eskaini ditu Basauriko plantarako

Halaber, urteko 45 eguneko kalte-ordaina eskaini die kalean geratuko diren beharginei.

Bridgestoneko langileek joan den maiatzaren 1ean egindako protesta. Argazkia: EFE
Bridgestoneko langileek joan den maiatzaren 1ean egindako protesta. Argazkia: EFE
Bridgestoneko langileek joan den maiatzaren 1ean egindako protesta. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basauriko lantegian aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) baldintzak leundu ditu Bridgestonen zuzendaritzak. Besteak beste, 45 kaleratze gutxiago, 57 urtetik aurrerako beharginek aurretiko erretiroa hartzeko aukera eta urteko 45 eguneko kalte-ordaina eskaini ditu enpresak. Kantabriako Puente de San Migueleko plantarako, berriz, 10 kaleratze gutxiago egitea proposatu du.

Sindikatuek eta zuzendaritzak bilera izan dute goizean, apirilaren hasieran aurkeztutako espedientea negoziatzeko, eta han aurkeztu du plan berria multinazionalak. Hasierako proposamenak Bizkaiko lantegian 335 langile eta Kantabriakoan 211 kaleratzea aurreikusten zuen. Gaurko proposamenarekin, 491 izango lirateke lanik gabe geratuko liratekeenak.

Erretiroei dagokienez, plan berri bat jarri du mahai gainean enpresak: 57 urtetik aurrerako beharginei aurretiko erretiroa hartzeko aukera eskainiko die. Sindikatuen arabera, denera 81 langileri eragingo lieke neurri horrek, Basaurin 45i eta Puente San Miguelen 26ri.

Bestalde, kalte-ordainen inguruan ere, eskaintza hobetu du zuzendaritzak: urteko 45 eguneko kalte-ordaina proposatu du kaleratutako beharginentzat, hileko mugarik gabe. Borondatezko bajen kasuan ere indemnizazio bera ordainduko luke enpresak.

Sindikatuek "aurrerapausoa" egon dela aitortu badute ere, uste dute kaleratze kopurua gehiago murriztu daitekeela, aipatutako bi lantegietako lan-karga eta produkzioa handituta.

Bilera egunarekin bat eginda, gaurko greba zuten deituta Basauriko plantan, eta sindikatuen arabera, jarraipena erabatekoa izan da, "% 100ekoa".

Datorren astelehenean bilduko da berriz negoziazio mahaia. Bien bitartean, langileek mobilizazio-egutegiari eutsi egingo diote eta larunbatean eta astelehenean greba egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak