Ekonomia -

Ingurumena

Auto ekoizleei CO2 isuriak jaisteko 2027ra arteko epea ematea onartu dute Eurokamerak eta EBko Kontseiluak

2019an onartutako eskakizunen maila jaistea eskatzen aritu zaizkio EBren Kontseiluari azken hilabeteetan, beharrezko inbertsioak eginda ere, auto elektrikoen salmenta aurreikusi baino apalagoa izan delako. Patronalak luzera begirako estrategia bat eskatu du.

Auto elektrikoa.
Auto elektrikoa.
Auto elektrikoa.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak eta EBren Kontseiluak bere horretan onartu dute Europako Batzordeak automobil ekoizleei CO2 emisioak gutxitzeko epea luzatzeko egindako proposamena. Zehazki, 2027ra arteko epea ematea adostu dute auto eta furgoneten CO2 isuriak 2021eko mailatik % 15 jaisteko

Europako Parlamentuak ostegun honetan premiazko prozeduraz onartu du arauaren berrikuspena, aldeko 458 boto, kontrako 101 eta 14 abstentziorekin. Presazko erabakia izan da, hain zuzen ere, indarrean dagoen araudiaren arabera, urte honetan bertan gauzatu beharko bailitzateke % 15eko murrizketa hori CO2 isurietan (2021eko mailarekiko). Orain arte Bruselak ez zuen luzapenik beharrezko ikusten, 2019an neurriak onartu zirenetik baitzuen industriak egutegiaren berri. 

Ekoizleak 2019an onartutako eskakizunen maila jaistea eskatzen aritu zaizkio EBren Kontseiluari azken hilabeteetan, beharrezko inbertsioak eginda ere, auto elektrikoen salmenta aurreikusi baino apalagoa izan delako. 

2024an automobil elektrikoen salmenta % 5,9 jaitsi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta horrek ekoizleen eskariei pisu handiagoa eman zien. Dena den, 2025eko lehen hiruhilekoan % 12 egin du gora, eta merkatu-kuotaren % 15,2an kokatu da, auto berrien matrikulazioak, orotara, % 1,9 behera egin duen arren.

Proposamenari aurkeztutako zuzenketek ez dute aurrera egin, eta EBren Kontseiluak ez zuenez testuan aldaketarik egin, ez da beharrezkoa izango bi erakundeen eta Batzordearen arteko azken negoziazioa egitea. Indarrean sartzeko, hala ere, Europar Batasuneko hogeita zazpi estatu kideen onespen formala beharko du, nahiz eta testua ontzat emanda duten. 

Berehalako murrizketaz harago, 2030erako isuriak % 55 eta 2035erako % 100 jaisteko betebeharrei eutsiko zaie. Urte horretatik aurrera ezingo dira europar komunitatean CO2 isurtzen duten auto eta furgonetak merkaturatu. 

Sektoreak epe luzerako estrategia eskatzen du

Motorraren Europako patronalak txalotu egin du bi urteko luzapena, baina "epe luzerako estrategia" behar dela argudiatu du, karga-puntu gehiago, erosketarako laguntzak, pizgarri fiskalak eta energiaren prezioak jaistea bideratzeko. 

"Honek epe laburrerako malgutasun apur bat ematen dien arren ekoizleei, epe luzerako deskarbonizazio-estrategia behar dugu, besteak beste karga-puntu gehiago, erosketarako laguntzak eta pizgarri fiskalak bideratzeko, bai eta energiaren prezio justuagoak ere", adierazi du ohar batean Sigrid de Vries Europako Automobil Ekoizleen Elkartearen (ACEA) zuzendariak. 

Gaineratu duenez, beharrezko izango da "EBk teknologia kritikoetan duen autonomia estrategikoa" bermatzea eta Europako Batzordearekin gai horiei laster heltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Europako Parlamentua Automobilgintza