Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Bridgestoneko langileek ostiralean bozkatuko dute zuzendaritzak egindako azken proposamena onartu ala ez
Besteak beste, zuzendaritzak Basauriko plantan kaleratzeak 335etik 232ra murriztea proposatu du Enplegua Erregulatzeko Espedientearen azken eskaintzan.
EITB MEDIA
Bridgestone multinazionalak Basaurin duen lantegiko langileek ostiralean erabakiko dute bozketa bidez zuzendaritzak mahai gainean jarritako proposamena onartzen duten edo ez. Langileen batzordeak goizean izandako bileran adostu du bozketa egitea.
Enplegua Erregulatzeko Espedientearen (EEE) baldintzak leundu eta beste proposamen bat igorri zien atzo zuzendaritzak Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabriako) sindikatuei. Horren arabera, Bizkaiko lantegiko kaleratzeak 232ra murriztea proposatzen da, eta Kantabriako plantan 188ra, hasieran aurreikusitako 335 eta 211 langile kaleratu beharrean, hurrenez hurren.
Sindikatuek astelehenera arteko epea dute eskaintzari buruzko erabakia enpresari jakinarazteko. Bihar egingo dituzten batzarretan, azken proposamenaren eta ostiraleko bozketaren inguruko informazioa helaraziko zaie langileei.
CCOO eta UGT sindikatuen arabera, zuzendaritzak mahai gainean jarririko azken dokumentuak baditu alde positiboak, eta, printzipioz, begi onez hartu dute eskaintza. ELA, berriz, eskaintza horren aurka agertu da jada, eta greba eta mobilizazioen bidez presioa egiten jarraitzearen alde azaldu da, uste baitu beharginek presioa egiten jarraitzen badute baldintzak "nabarmen" hobetu ahal izango dituztela.