Ekonomia -

Kaleratzeak

Bridgestoneko beharginek onartu egin dute lan-erregulazioko espedientearen azken proposamena

Basauriko lantegian, % 93ko parte-hartzearekin, 569 langilek eman diote baiezko botoa enpresaren proposamenari, eta 191k ezezkoa. Kantabriakoan, berriz, parte-hartzea % 91,4koa izan da, eta 236 langilek baiezko botoa eman dute eta 131k ezezkoa.

Bridgestoneko beharginak, Basauriko lantegiaren aurrean. Argazkia: EFE
Bridgestoneko beharginak, Basauriko lantegiaren aurrean. Argazkia: EFE
Bridgestoneko beharginak, Basauriko lantegiaren aurrean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bridgestone konpainiaren Basauri (Bizkaia) eta Puente San Miguel (Kantabria) udalerrietako lantegietako beharginek gaur egindako bozketan erabaki dute enpresak enplegu-erregulazioko espedientearen inguruan egindako azken proposamena onartzea, aldeko 805 boto, aurkako 322, 29 boto zuri eta 3 baliogabe emanda. Espedientearen arabera, 232 langile kaleratuko dituzte Bizkaiko lantegian eta 188 Kantabriakoan.

Sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez, Basauriko lantegian, % 93ko parte-hartzearekin, 569 langilek eman diote baiezko botoa enpresaren proposamenari, eta 191k ezezkoa; gainera, 15 boto zuri eta 2 baliogabe zenbatu dituzte.

Kantabriako fabrikan parte-hartzea % 91,4koa izan da, eta 236 langilek baiezko botoa eman dute, 131k ezezkoa, 14k boto zuria eta 1 boto baliogabea izan da.

Enpresan ordezkaritza duten sindikatuek eskerrak eman dizkiete beharginei bozketan "normaltasun osoz eta askatasun osoz" parte hartzeagatik.

Roberto Corral enpresa-batzordeko presidenteak Radio Euskadin adierazi duenez, langileek "babes zabala" eman diote proposamenari, baina, aldi berean, "ez dago ezer ospatzeko".

Apirilaren 1ean, Bridgestonek 546 langileri eragin behar zion lan-erregulazioko espedientea iragarri zuen Basauriko (335) eta Puente San Migueleko (211) fabriketan, eta zuzendaritzak justifikatu egin zuen "Europan pneumatikoen merkatuan gertatzen ari diren aldaketa sakonengatik eta konpainiaren produkzio-egitura egokitzeko beharragatik".

Bridgestoneko zuzendaritza eta enpresa-batzordea espedientea negoziatzen hasi ziren, eta kontsulta-aldia luzatu egin zen. Bitartean, beharginek hainbat greba egin dituzte, eta, lanuzteek erabateko jarraipena izan dute, egun horietan ekoizpena etenaz.

Joan den astelehenean, zuzendaritzak azken proposamen bat helarazi zien langileen ordezkariei, Bizkaiko lantegian kaleratzeak 232ra eta Kantabriako instalazioetan 188ra murriztuz, hasieran aurreikusitakoak 335 eta 211 izan baziren ere.

Azken eskaintza hori jaso ostean, CCOO, UGT eta BuB sindikatuek iragarri zuten beharginek erreferendumean hartzen zuten erabakia onartuko zutela, eta babestuz gero (hala gertatu da), akordioa berretsiko dutela; ELAk, berriz, hasieratik errefusatu du enpresaren proposamena, eta plantillak adostutakoa errespetatuko duen arren, ez du akordioa sinatzeko asmorik, "nahitaezko kaleratzeak" baztertzen dituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak