Ekonomia -

EBAZPENA

Airbnb konpainiak pisu turistikoen legez kanpoko ia 66.000 iragarki kendu beharko ditu plataformatik

Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, iragarkiotan ez da lizentzia zenbakia ezta etxe-jabeen egoera juridikoa ageri. Eta gainera, lizentzia zenbakia azaltzen duten kasu askotan, ez dator bat Kontsumo Ministerioak ezarritakoarekin.

Erabilera turistikorako etxebizitza bat identifikatzen duen kartela. Argazkia: EFE
Erabilera turistikorako etxebizitza bat identifikatzen duen kartela. Argazkia: EFE
Erabilera turistikorako etxebizitza bat identifikatzen duen kartela. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Airbnb konpainiak pisu turistikoen legez kanpoko ia 66.000 iragarki kendu beharko ditu plataformatik, Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialak, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioak hala aginduta. Pablo Bustinduyk zuzentzen duen departamenduak hiru ebazpen igorri dizkio enpresa horri, iragarkietan erabilera turistikorako etxebizitzen araudia urratzeagatik. 

Ebazpenon aurrean, auzitegietara jo zuen egoitza nagusia Irlandan duen Airbnb enpresak, eta gaur jakin da Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman diola Kontsumo Ministerioari. Bere autoan, epaileak agindu du lehen 5.800 iragarkiak "berehala" erretiratzeko. Aurreneko talde horretan, EAEn dauden hainbat etxeren iragarkiak daude.

Zehazki, 65.935 iragarkik ez dute legea betetzen, Espainiako Gobernuaren arabera. Erkidegoek zein Ministerioak berak erabilera turistikorako etxebizitzen gainean ezarritako arauak urratzen dituztelako eman dute plataformatik kentzeko agindua.

Zergatik dira legez kanpokoak iragarkiak?

Hiru arrazoi eman ditu Kontsumo Ministerioak, aipatutako iragarkiak legez kanpokoak direla argudiatzeko. Batetik, esan dutenez, ez dute lizentzia edota erregistro zenbakia erakusten. Erkidegoetako araudiaren arabera, derrigorrezkoa da zenbaki hori erakustea.

Bestetik, iragarkietan ez da esaten etxeen jabea enpresa ala partikularra den. Erabiltzaileei informazio hori helaraztea ezinbestekoa da.

Eta, hirugarrenik, erretirararaziko diren iragarki askotan erakusten den lizentzia-zenbakia ez dator bat erakundeek emandakoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa