Ekonomia -

Energia berriztagarriak

Euskadiko eguzki-parke handienak ingurumen-baimena lortu du

Ekienea Armiñonen eraikiko dute, eta 200 hektarea izango ditu. Orotara, 231.000 eguzki-panel instalatuko dituzte bertan, 47.500 etxe hornitzeko adina energia ekoizteko.

Energia berriztagarria. Artxiboko argazkia.
Energia berriztagarria
Horrelakoa izango da Ekienea, EAEko eguzki-parke handiena

0:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko eguzki-parke handiena izango denak, Ekieneak, Arabako Armiñon udalerrian 231.000 modulu fotovoltaiko instalatzeko ingurumen inpaktuaren aldeko ebaluazio-txostena lortu du.

Inbertsioa 70 milioi eurokoa izango da, 300 lanpostu sortuko ditu, eta horren karietan hainbat proiektu abiatuko dira, biodibertsitatearekin elkarbizitza sustatzeko.

Energia garbia eta lokala sortuko du plantak, eta, sustatzaileen arabera, 47.500 etxe inguru hornitzeko eta atmosferara urtean 12.400 tona CO2 isurtzea saihesteko adina energia ekoitziko du.

Ekienea sozietatearen ekimena Iberdrolak (% 75), Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bidez (% 18), KREANek (% 5) eta Arabako Foru Aldundiak (% 2) osatzen duten sozietateak bultzatua, Armiñonen (Araba) kokatuko da eta 125,89 megawatteko potentzia izango du.

Ekienea 200 hektareatan zehar hedatuko da. Planta fotovoltaikoak 100 hektarea hartuko ditu, eta gainerako 100 hektareak ingurumena konpentsatzeko eta baso-eremuak zaintzeko lursailek.

Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak parke fotovoltaikoen garapen orekatua bultzatzen du". "Ingurumenaren, egungo azpiegitura elektrikoaren eta lankidetza publiko-pribatuaren gure konpromisoak betetzen dituzten proiektuak dira", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Energia berdeari buruzko albisteak Energia iturriak