Ekonomia -
Kontratua
Talgok 65 tren egingo ditu Flix Alemaniako konpainiarentzat, 2.400 milioiren truke
Espainiako tren fabrikatzaileak unitateon mantentze lanak ere egingo ditu, 15 urtez, kontratuak jasotzen duenez.
Agentziak | EITB MEDIA
Flix Alemaniako garraio enpresak 65 tren egiteko kontratua esleitu dio Talgo tren fabrikatzaileari, 2.400 milioi euroren truke. Lehen eskaera 30 unitate egiteko da, 1.100 eurogan, eta 15 urtez mantentze lanak egitea ere jasotzen du.
Konpainiak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi dizkio kontratuaren nondik norakoak. Lehen eskariaren arabera, 30 'push-pull' tren egingo ditu Espainiako konpainiak.
Talgok lokomozio aparatu gabe egingo ditu unitate horiek—beste enpresa batek fabrikatuko ditu— eta mantentze lanak, 15 urtez. Hastapeneko lan horiengatik, 1.100 milioi euro jasoko ditu Espainiako fabrikatzaileak.
Trenok Europa osoan erabiltzeko diseinatuta daude (mugaz gaindiko operazioak egin ditzakete, etenik gabe), baina hasiera batean, Alemanian, Austrian, Herbehereetan, Danimarkan eta Suedian ibiliko dituzte.
Talgok nabarmendu duenez, kontratuari esker hiriarteko garraioan duen posizioa indartuko du eta nazioartean, Europa ardatz hartuta, hazteko bere estrategia babestu.
Espainiako tren fabrikatzailearen arabera, Europako merkatua estrategikoa da Talgorentzat, bidaiarien garraioa deskarbonizatzeko ahalegina egiten baitabil.