Ekonomia -

LAN GATAZKA

ELAk lanuzteak deitu ditu EAEko espetxeetan, lan-baldintzek "okerrera" egin dutela salatzeko

Ekainaren 9tik 15era egingo dituzte lanuzteak, egun bakoitzean hiruna ordukoak.

Arabako Espetxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia
Arabako Espetxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia
Arabako Espetxea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak lanuzteak deitu ditu EAEko espetxeetan, Eusko Jaurlaritzak kartzelen eskumena bere gain hartu zutenetik, lan-baldintzek "okerrera" egin dutela salatzeko. Ekainaren 9tik 15era egingo dituzte geldialdiak, egun bakoitzean hiruna ordukoak, 13:00etik 16:00etara.

"Transferentziatik lau urte igaro ondoren, sistema hobetu beharrean, egungo errealitateak ezaugarri hauek ditu: ereduaren zehaztugabetasun kezkagarria, espetxeen kudeaketak gainezka eginarazi dituen barne-biztanleria kopurua, langile-falta larria eta lan-baldintzen narriadura, zeinak birgizarteratzea eragozten baitu eta langileen eta presoen segurtasuna arriskuan jartzen baitu", salatu du sindikatuak, gaur zabaldutako ohar batean.

ELAk emandako datuen arabera, "295 lanpostu bete gabe" daude oraindik, "nahiz eta espetxeetako pertsonen kopurua % 40 igo den". Egun, oharrak dioenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletan 591 langile daude, Justizia Sailak berak ezarritako Lanpostu Zerrendan 886 agertzen badira ere.

Behin-behinekotasuna % 28koa dela ere azaldu du ELAk, eta hori emakumeek gizonezkoek baino gehiago pairatzen dutela ere bai.

Eusko Jaurlaritzaren "itxikeriaren aurrean", ELAk beharrezkotzat jo du mobilizazioetan "beste urrats bat" ematea, eta  ohartarazi du "behar bezalako erantzunik" jasotzen ez badute, "mobilizazioekin aurrera" egingo dutela.

Aldarrikapenen artean dago, besteak beste, "gehienez ere 6 hilabeteko epean, Lanpostuen Zerrenda (LPZ) berri bat adostea, EAEn dauden zentroen idiosinkrasia (Gipuzkoakoa barne) eta barruko biztanleriaren behar errealak kontuan hartuko dituena". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak