Ekonomia -
Muga-zergak
Euskal enpresak kezkatuta daude Trumpek altzairuari jarritako zergekin, merkatu handienen artean baitute AEB
Iaz 385 milioi euroko altzairu eta aluminio esportazioak egin zituen Euskadik AEBra. Enpresa askori eragingo dizkie Trumpen muga-zergek, Sidenor, ArcelorMittal, Tubacex eta Tubos Reunidos enpresei, besteak beste.
EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak atzo iragarri zuen altzairuaren inportazioei martxoan ezarritako % 25eko muga-zerga bikoiztu egingo duela eta % 50ekoa izango dela. Presidentearen arabera, hasieran muga-zerga hori % 40koa izatea pentsatu zuen, baina industriako arduradunek % 50era igotzeko eskatu zioten.
Muga-zerga horiek oso garrantzitsuak dira metalaren euskal industriarentzat. Izan ere, Alemania eta Frantziaren ostean, AEB da euskal enpresentzat merkatu nagusia.
Iaz, adibidez, 385 milioi euroko altzairu eta aluminio esportazioak egin zituzten Euskaditik AEBra.
Enpresa askori eragingo dizkie muga-zergek, Sidenor, ArcelorMittal, Tubacex eta Tubos Reunidos enpresei, besteak beste.
Tubos Reunidosen kasuan, adibidez, iaz ekoizpenaren erdia saldu zuen AEBn.
Bi planta ditu enpresak EAEn, bata Trapagaranen eta bestea Amurrion. 500 bat langile aritzen dira azken horretan, eta iaz enplegu-erregulazioko txostena aurkeztu zuten bertan. Ikusteko dago Trumpen azken erabaki horrek nola eragiten dion.