Ekonomia -
BILBOKO AIREPORTUA
Abian dira Bilbo eta New York arteko zuzeneko hegaldiak
Igande goizean iritsi da AEBtik zuzenean etorri den lehen hegazkina Bilboko aireportura, eta eguerdian abiatu da hemendik harako lehena. Astean hiru joan-etorri izango ditu Bilbo-New York ibilbideak, 700 euro inguruko prezioan.
EITB MEDIA
Bilbo eta New York arteko zuzeneko aire-konexioa estreinatu da ekainaren 1ean Loiun, United Airlines konpainiaren eskutik. Euskal erakundeek, eragile ekonomikoek eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Euskadirentzat mugarritzat jo dute gaurko eguna. Izan ere, Iberiar penintsulako iparraldetik AEBra zuzenean hegazkinez joateko aukera izango da hemendik aurrera, lehenbiziko aldiz, eta aukera hori Bilboko Aireportuak emango du.
Juan Maria Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, ibilbide berri hau "internalizaziorako aukera bat" da Euskadirentzat, eta eskaintza errotzea eta udatik aurrera ere jarraitu ahal izatea espero duela esan du.
Newarkeko aireportutik zetorren lehen hegaldia 11:00ak baino lehentxeago iritsi da Loiura, eta 12:30ean abiatu da berriro bertatik AEBra. Bilbo eta New York artean zuzenean, eskalarik egin gabe, bidaiatu ahal izatea eskertu dute bidaiari guztiek. Boeing 757-200 batean egin dute 8 ordu eta 30 minutu iraun duen hegaldia.
Igande honetako estreinaldiaren ondoren, astean hiru joan-etorri programatuko dira Bilboko eta Newarkeko aireportuen artean, uda osoan zehar. Asteazkenetan, ostiraletan eta igandeetan izango dira irteerak, 12:30ean, eta astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan Estatu Batuetatik itzulerak, 21:15ean.
Guztira, 100 bidaia programatu dira gaurtik irailaren 24ra arte, 17.600 plaza guztira. Hegazkinak 176 eserleku ditu: business klasean 16, Economy Plus klasean 42 eta klase ekonomikoan 118.
700 euro ingurukoa da joan-etorriaren prezioa, eta plaza libreak daude oraindik.
Besteak bestes, Ivan Grande Bilboko Aireportuko zuzendaria, Guido Araujo United Airlinesen Europako salmenta zuzendaria, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Leire Saez Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendaria eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua izan dira lotura berria estreinatzeko ekitaldian, eta opariak eta tarta ez dira falta izan. Bertan bildutakoek aho batez esan dute irailaren 24tik aurrera zerbitzuak jarraitzea espero dutela.