Krisi Ekonomikoa -
CISen barometroa
Gora egin du langabeziak, etxegabetzeek eta osasunak eragindako kezkak
Herritarrentzat zortzigarrena arazorik larriena da dagoeneko etxegabetzeena, eta osasuna laugarren postura igo dute. Aurretik dira langabezia, ekonomia eta politikoak.
Erredakzioa
Langabeziak herritarrengan eragiten duen kezkak gora egin zuen azaroan, CISen barometroak plazaratutako datuen arabera. Halaber, joan den hilean estreinakoz kokatu zituzten etxegebetzeak 10 arazo larrienen artean.
Herritarren % 80arentzat langabezia da arazorik larriena (joan den hilabetearekin alderatuta hiru puntu egin du gora). Halaber, lanean dauden lautik batek datorren urtean lanpostua galdutako duela uste du.
Espainiak bizi dituen arazo ekonomikoak bigarren postuan daude (% 42,7ak izan ditu hizpide), eta atzetik datoz alderdi politikoak eta politika bera ere (herritarren % 30entzat dira arazo).
Espainiako biztanleen ia erdiak uste du egoera ekonomikoa joan den urtean baino okerragoa dagoela, eta % 35en ustez, gainera, txarrera egingo du.
Ekonomiari dagokionez, egoera ''txarra'' edo ''oso txarra'' dela uste dutenak % 90,7 dira.
Etxegabetzeak, osasuna, hezkuntza eta bankuak ere zerrendan daude
Azaroaren 5etik 13ra bitartean egin zuen CISek inkesta, etxegabetzeei aurre egiteko neurrien inguruko eztabaida pil-pilean zegoenean. Hala, kaleratzeak zortzigarren arazo nagusiena dira dagoeneko herritarrentzat (% 6,3k aipatu dituzten inkestetan).
Halaber, gora egin du bankuek sortutako kezkak, eta seigarren dira dagoeneko (% 8,4rentzat dira bankuak arazo).
Bestalde, osasuna laugarren arazo nagusia da, eta hezkuntza, berriz, zazpigarrena.