Ekonomia -
araudia
EAJk eta PSE-EEk etxebizitza-eraikuntza bizkortzeko lege-proposamena erregistratu dute
Zehazki, sei lege aldatuko dira eskaintza zabaltzeko, lurzoruak mobilizatzeko, prozedura-kopurua murrizteko eta izapideak bizkortzeko. Aitor Esteban (EAJ) eta Eneko Andueza (PSE-EE) Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien buruzagien arabera, "laster ikusiko dira" neurrien ondorioak.
A. S. | eitb media
Euskadiko etxebizitzaren arazoa konpontzeko premiazko neurriak indarrean sartzeko lege-proposamenak sei lege aldatuko ditu eskaintza zabaltzeko, lurzoruak mobilizatzeko, prozedura-kopurua murrizteko eta izapideak bizkortzeko. Premiazko neurri horiekin, Eusko Jaurlaritzak uste du "unitate asko desblokatuko" direla etxebizitzaren arloan, eta "eragina berehalakoa" izango dela.
EAJk eta PSE-EEk astearte honetan erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean Euskadin etxebizitza-merkatua bizkortzeko lege-proposamena, eta batera egin duten prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien agintari nagusiek, Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak, lege-proposamenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Udalei eta aldundiei eragingo die proposamenak.
Denis Itxasok Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak iragarria zuen EAJren eta PSE-EEren talde parlamentarioak lege-proposamen bat lantzen ari zirela, etxebizitzaren eta hirigintzaren alorrean arau-aldaketa bideratzeko premiazko neurriekin.
"Gehiago eta azkarrago eraiki behar da", adierazi du Estebanek, eta gogorarazi du etxebizitzaren arazoa "kalean, herritarren artean dagoen arazoa" dela, eta "pil-pilean" dagoela, eta, hortaz, euren "esku dauden eskumenen neurrian erantzun behar" diotela.
Jeltzaleen buruak esan du proposamenak etxebizitzen eskaintza zabaldu, etxebizitza babestu eta libre gehiago izateko irtenbideak emateaz gain (prezioak merketuz), lurzoruak mobilizatuko dituela, alde batetik erreserba estrategiko bat sortuz, eta udalei eraiki beharreko etxebizitza moten kopurua erabakitzeko ahalmena emanda, malgutasunez. Gainera, adierazi du legeak administrazio prozedurak arinduko dituela.
Neurriok egokiak direla uste du Estebanek, eta espero du gainerako taldeek ere lege-proposamen hori babestea, eta hala ez bada, "benetan eraginkorrak diren neurri zehatzak proposatzea".
Eneko Andueza PSE-EEren buruzagi nagusiak, bere aldetik, uste du lege berriak ekarriko dituen "aldaketa horiek beharrezkoak" direla, eta bi alderdiek bultzatzen duten proposamenak "modu irmoan eta premiaz" heltzen diola Euskadin etxebizitzaren alorrean aurre egin beharreko erronketako bati, "etxebizitza duin eta eskuragarria" izateari, hain zuzen ere. Hala, esan du legeak "arazoaren muinera doazen irtenbide zehatzak" ematen dituela.