Ekonomia -

Industriaren itxiera

Ezkirozko BSHren langileen batzordeak lantegiaren itxiera saihesteko eskatu dio Europako Batzordeari

PSOE, Sumar, EH Bildu eta EAJko eurodiputatuek lagunduta, beharginen ordezkariak Bruselako agintariekin bildu dira.

BSH Ezkirotzeko enpresa-batzordea, Bruselan. Argazkia: EFE
BSH Ezkirotzeko enpresa-batzordea, Bruselan. Argazkia: EFE
BSH Ezkirotzeko enpresa-batzordea, Bruselan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako BSH konpainiak, etxetresna elektrikoen ekoizleak, Ezkirotzen (Nafarroa) duen lantegiko langileen batzordeak gaur Bruselari eskatu dio bitartekari lanak egin ditzan, itxiera saihesteko. Erabaki horrek mila pertsona ingururi eragingo lieke, zuzeneko eta zeharkako lanpostuen artean, eta beharginen ordezkariek espero dute Europako Batzordeak multinazionalarekin "elkarrizketa" izatea.

PSOE, Sumar, EH Bildu eta EAJko eurodiputatuek lagunduta, langile-batzordea Stephane Sejourne EBren Oparotasun eta Estrategia Industrialeko presidenteordearen eta Roxana Minzatu Enplegu komisarioaren kabineteekin bildu da gaur.

"Gure egoeraren azalpen nahiko zehatza eman dugu, eta badakigu lan egingo dutela multinazionalarekin hitz egiteko, eta ea horrek emaitza ematen duen. Denbora urrea da, eta helburua aukera fidagarri eta egingarri hori lortzeko epea malgutzea da", laburbildu du Juan Jose Hermoso langile-batzordeko ordezkariak.

Hermosok azpimarratu du inbertitzaile batzuek proiektu industrialari eta Ezkirozko BSHko langileei jarraipena eman nahi dietela, eta ohartarazi du multinazionalaren barruan "erreferente" diren mila langile familiaren baino gehiagoren etorkizuna dagoela jokoan.

Eurodiputatu taldea BSH Eskirotzeko enpresa-batzordearekin, Bruselan. Argazkia: EFE

Eurodiputatu taldea BSH Eskirotzeko enpresa-batzordearekin, Bruselan. Argazkia: EFE

Alemaniako BSH konpainiak astelehenean helarazi zien Nafarroako Gobernuari eta Industria Ministerioari ez duela atzeratuko kaleratzeak abiatzeko finkatutako data (ekainak 17), eta Ezkirozko lantegiaren itxiera aurrera eramango duela.

"Zentzugabekeria"

"Zentzugabekeria da atzo iragarri ziguten erabakia, eta esan behar dugu, halaber, ageri-agerikoa dela Ezkirozko BSHko beharginen bizitza erabat mespretxatu dutela", deitoratu du Hermosok.

Langileen ordezkaritza Nafarroako eta Espainiako gobernuekin bat dator berrindustrializazioaren aldeko apustuan, eta Europako Batzordearen "babes instituzionala" bilatzen ari da orain, denbora irabazteko Alemaniako enpresarekin hitz egin dezan.

"Nafarroako Gobernuak eta gizarte osoak ez dute ulertzen erabakia, ez gatoz bat, eta uste dugu hanka-sartze larria dela", adierazi du Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozial, Gizarte Ekonomia eta Enplegu kontseilariak.

Europako Parlamentuari dagokionez, Elena Sancho (PSOE), Estrella Galan (Sumar), Pernando Barrena (EH Bildu) eta Oihane Agirregoitia (EAJ) eurodiputatuak izan dira langile-batzordearekin. BSHren erabakia "okerra" edo "arduragabea" dela kritikatu dute ordezkari politikoek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Nafarroa Brusela Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Sindikatuak Lan gatazkak Industria