Ekonomia -

lan-gatazka

Grebari eutsi diote Gasteizko lorezainek, bigarren bileran ez dutelako ados jartzea lortu

Langileak greban daude martxoaren 26az geroztik, eta enpresaren eta sindikatuen artean beste bilera bat egin ondoren, ez dira bat etorri. Hortaz, hiriko berdeguneek mantentze-lanik gabe jarraituko dute.

Gizon bat Gasteizko lorategi batean. EITBren artxiboko irudia
Gizon bat Gasteizko lorategi batean. EITBren artxiboko irudia
Gizon bat Gasteizko lorategi batean. EITBren artxiboko irudia

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko lorezaintza zerbitzuko langileek ia 80 egun daramatzate greban, eta Enviser enpresarekin —Gasteizko parkeak eta lorategiak mantentzeko enpresa emakidaduna— duten lan-gatazka bizirik dirau gaur-gaurkoz. Asteazken honetan bigarrenez bildu dira, Precon (Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzu publikoan), baina ez da aurrerapausorik eman.

Enviser enpresak Jaurlaritzari eskatu zion esku hartu zezala, lan-gatazkari konponbidea emateko. Pasa den astean, ostegunean, egin zuten lehen bilera, eta gaur egin dute bigarrena. Dena dela, enpresaren eta sindikatuen eskakizun eta iritziak elkarrengandik urrun daude oraindik, ELAk eta LABek adierazi dutenez. 

ELAk zehaztu duenez, beste bilera bat eskatu dute. Hala ere, jakinarazi du Udaleko ordezkariek ere parte har dezatela eskatu dutela. Orain arte enpresak eta sindikatuek soilik hartu dute parte bilerotan.

Gasteizko lorezainek martxoaren 26an ekin zioten grebari, hitzarmen propio bat eskatu eta lan-baldintzak hobetzeko asmoz.

Udalak uko egin dio udal igerilekuetako abonuaren zati bat itzultzeari

Grebaren eragina agerikoa da Arabako hiriburuan, eta landareak kontrolik gabe hazten ari dira hiriko parke eta lorategietan. Gamarrako eta Mendizorrotzako igerilekuetan, adibidez, belarra metro batera iritsi da.

Hala ere, Gasteizko Udalak asteazken honetan jakinarazi du ez dietela abonatuei kirol instalazioen kuotaren zatirik itzuliko, nahiz eta ingurua belarrez josita eta egon egoera oso kaskarra izan.

Gutxieneko zerbitzuak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak erabakitzeke du enpresan gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ote dituen. Gasteizko Udalak gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskatu dizkio, eta  sindikatuek, berriz, baztertu egin dute aukera hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak