Mireia Saiz, Argitaneko bozeramailea: “Erasotzaile guztiak datoz bat zerbaitetan, guztiak dira gizonak eta matxistak”

ITXASO LEON KAREAGA - EITB MEDIA

Sexu-eraso salaketek gora egin dute azken hilabeteetan, eta emakumeen kontakizunak gero eta agerikoago bilakatu dira. Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearekin hitz egin dugu, eta bertatik azpimarratu digute profil estereotipatuak alde batera uztearen garrantzia, matxismoaren gaitz estrukturala errotik jorratzeko.

Espainiako Barne Arazoetako Ministerioaren kriminalitate-balantzeak agerian utzi duenez, bortxaketa-salaketek gora egin dute EAEn eta Nafarroan 2021eko lehen bederatzi hilabeteetan. % 35,8 eta % 78 areagotu dira hurrenez hurren, 72ra eta 25era iritsita.

Salaketen begi-bistako areagotzea gorabehera, sarritan zalantzan jartzen da oraindik biktimen kontakizuna, horiei aitortuko edo kenduko zaien sinesgarritasuna baldintzatzen duten kanpo-faktoreak direla eta.

Bai heziketaren eta prebentzioaren esparruetako lanean, bai salaketa osteko prozesuan, ohiko galdera mahaigaineratzen da, beste askoren artean: ba al da erasotzaile profilik?

Mireia Saiz Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeko bozeramailea da. Bere aburuz, erasotzaile guztiak gauza bakarrean datoz bat, guztiak direla “gizonak eta matxistak”. Hortik aurrera, profilak desmuntatzea proposatzen du; izan ere, emakumeak erasotzeko era bakarra dagoela esatea “motz gelditzen da”.

“Kontziente izan behar dugu gizon hauek gizartean bizi direla, erabat gizarteratuta daudela eta emakumeei sistematikoki eraso egiten dietela”

Saizek azaldu duenez, testuinguru patriarkalak ezartzen duenaren gisako egiturazko bereizkeria batean, “badira gizonak emakumeak biolentatzeko eskubidea dutela uste dutenak”. Zehaztu du ohikoa dela gure sistemaren barruan indarkeria gauzatzen duten gizonak “legitimatu eta justifikatzea”.

Sexu-erasoaren edo hilketaren puntura iristen diren kasuetan, erasotzailea justifikatzeko esan ohi da ez dela gizona, gaixo zegoela edo psikopata dela.

“Kontziente izan behar dugu gizon hauek gizartean bizi direla, erabat gizarteratuta daudela eta emakumeei sistematikoki eraso egiten dietela”, ohartarazi du Saizek.

“Kasu isolatuak” eta testuinguru eza

Argitaneko bozeramaileak azpimarratu du gizon guztiak ez direla erasotzaileak, baina “badirenak, gizonak dira, eta sistemaren bitartez justifikatzen dira”. Azaldu duenez, gizon gehienek “ez dute euren burua erasotzailetzat hautematen, eta gauzatutako indarkeria normaltzat jotzen dute”.

Erasotzailea iruditeria kolektiboan dauden profil horiekin bat ez datorrenean, “kasu isolatuez hitz egiten da”. Gainera, ohikoa da gertatutakoa interpretatzeko “bestelako arrazoiketak” erabiltzea: “oso gizon jator eta arrunta zen”. Saizek ohartarazi du kasuak “deskontestualizatzeko eta kontu pertsonala balitz bezala jorratzeko” arriskua dugula, baina “indarkeria gauzatzen dutenek sistemaren barruan egiten dute, eta kolektiboki”. Egitura baten parte da, eta gizon horiek “zeharo gizarteratuta daude”.

Gauza bera gertatzen da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen profilei buruz aritzean. Esku-hartze sozialaren esparruan, Saizek arriskutsu gisa izendatzen duen perfilatzeko modu horrekin lanean dihardute, “biktimen ikuskatzean, tutoretzan eta infantilizazioan erortzen garelarik”. Gainera, azpimarratu du profil horietatik kanpo geratzen den oro “biktima gisa ez aitortzeko” arriskua dagoela.

Iruditeria kolektibo horrek eragina du genero indarkeriaren biktima diren emakumeei babesa eta ikusgaitasuna emateko garaian. Hori dela eta, Argitanen bozeramaileak beharrezko ikusten du genero ikuspegia inplementatzea biktimekin eta erasotzaileekin lan egiteko garaian, “historikoki egin izan den akats berdinean ez erortzeko, alegia, estereotipatzea eta sakoneko arazoa ez jorratzea”.

Argitanetik gogorarazi dutenez, indarkeria hori askotariko itxuretan azaltzen da eta, hura fokalizatu ordez, abaniko zabal hori inbisibilizatzeari uztea proposatu dute. Fisikoaz gain, indarkeria psikologikoa, ekonomikoa edo instituzionala izan daiteke. Azken horri dagokionez, azpimarratu dute sarritan, erakunde propioetatik, ez dela genero-ikuspegi hori eskaintzen.

“Hori guztihori bizi garen sistema kapitalista eta patriarkalaren parte da”, eta baimendu egiten du “mugagabeko erasotzaileak” egotea, beti subjektu bakarra ez direnak.

“Txipa aldatu behar dugu, eta ulertu erasotzen duena dela aldatu behar duena”

Heziketaren diskurtsoa aldatzea

Bestalde, emakumeek haurrak direnetik jasotzen duten heziketak barne hartzen ditu arriskua nork suposatu lezakeen identifikatzea eta arduraz jokatzea; ardura eta errua haiengan ezarrita.

Mireia Saizen arabera, “kontrakoa egin behar dugu”. Txikitatik heziketan lan egitea proposatu du, fokua aldatuz eta gizonen gain ipiniz, ez erasotzen ikas dezaten.

Heziketa goiztiar hori gabe, azaldu du, epe luzera “oso zail” bilakatzen da aldaketa baterantz lan egitea. Aldaketa horri hasiera emateko, berdintasuna, aniztasuna eta errespetua mahaigaineratu ditu, baloreen adibide gisa. “Txipa aldatu behar dugu, eta ulertu erasotzen duena dela aldatu behar duena”.