Haur eta nerabeak, bi aldiz kolpatuak

EIDER GARAIKOETXEA O. - EITB MEDIA

Iaz, 2020 osoan, 67 adingabe artatu zituzten Gipuzkoan, Urrats indarkeria matxistaren biktimentzako harrera zentroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak duen baliabidea da, biktima diren emakume zein euren kargupean dauden adin txikikoak babesteko eta arta emateko sortua. Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, 61 ume eta nerabe hartu dituzte zentroan.

Lurralde bakar bati dagozkion datuak dira, erakunde publikoen babes sistemaren barruan sartuta dauden biktimak bakarrik kontuan hartzen dituena (isilpeko kasu asko eta asko ikusezin egiten zaizkigu). Zenbakiok eman dezakete akaso errealitate gordin horren benetako neurria, baina ez dute, inondik inora, bortxak zeharkatutako gorputz eta bizitza horien arrastoa ematen.

Lekukotasun horien bila jo dugu Vanesa Paz Oterorengana (Donostia, 1979), Urrats harrera zentroko zuzendariarengana. Biktima adingabe horien egunerokotasuna, lanketa, bilakaera… bertatik bertara ezagutu nahi ditugu.

“Adingabe horiek jasaten duten zuzeneko edo zeharkako indarkeriaren ondorioek pertsonen arteko edozein harreman osasungarri suntsitzen dute”, azaldu digu Pazek. Urrats harrera zentroko zuzendariaren esanetan, biktimok “boterean eta desberdintasunean oinarritutako harreman eredu bat barneratzen dute”; indarkeria “kontu puntual bat” izatetik, “denboran eta espazioan betikotzen den eredu eta harreman mota bat” izatera igarotzen da eurentzat.

Emakume batek eta horren seme-alabek Gipuzkoako babes sistemara jotzen dutenean, berehala ematen zaie arreta, eta egonaldi laburreko harrera zentrora (Urrats I) bideratzen dituzte. Urgentziazko zerbitzua da, urteko egun guztietan 24 orduz zabalik dagoena. Gehienez bi hilabetez egon daitezke biktimak bertan, baina batez beste 30 egun pasatxo igarotzen dituzte. Tarte horretan, kasua aztertu eta baliabide egokiena zein den erabakitzen da: batetik, egonaldi ertain edo luzeko zentroa dago (laupabost hilabeteko batezbesteko egonaldia) eta bertan “esku-hartze berezitu eta integrala” opatzen zaie. Bestetik, “autonomiazko etxebizitzak” ere badaude, “hasitako ahalduntze prozesuari segida emateko”.

“Batzuetan, egonaldiak luzatu egiten zaizkigu, biktimek hala behar dutelako baino, alokairuzko etxebizitza topatzeko ditugun zailtasunengatik”, aitortu digu Urratseko zuzendariak.

Biktima adingabeak, lehen planora

2015era arte, indarkeria matxista pairatzen zuten adingabeak ez ziren biktima zuzen moduan hartzen. Urte hartako Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legeak, baina, horrela jaso zuen. Izan ere, eurek tratu txarrak jaso ez arren, biktima izan bazirelako horien lekuko izate hutsagatik.

Gainera, zenbaitetan gizon matxistak seme-alaben kontra egiten du, ume horien amari ahalik eta minik handiena egiteko. Indarkeria bikarioa deitzen zaio horri. Hego Euskal Herrian, lau adingabe hil dituzte beste hainbeste gizon matxistak 2010etik. Urte hartan, Aicha 18 hilabeteko neskatoa hil zuen aitak, itota, Zarautzen. 2011n, Julen, 13 urteko mutila, labanaz hil zuen aitak. Handik bi urtera, 2013an, Yaiza hiru urteko umetxoa eskaileretatik behera bota zuen aitaordeak Barakaldon, eta 2016an, Alicia 17 hilabeteko haurtxoa hil zuen gizon batek Gasteizen, haren amari eraso egin ostean

Espainiako Estatuan, 44 adingabe hil dituzte indarkeria bikarioa tarteko. 2013an hasi ziren datuak jasotzen, eta ordudanik ez da izan urte bakar bat ere hilketa barik.

Adingabeen erailketa matxistak indarkeriaren adierazpen basatiena dira, baina icebergaren tontorra baino ez dira.

“Haurrak bereziki zaurgarriak dira, birritan direlako biktima”

Hortaz, ume eta nerabeak biktima gisa aitortzea eta horiek babestea politika publikoen zereginetako bat bihurtu da. Urrats zentroan, “haur horien beharrak asetzeko lan egin dugu 13 urte hauetan; hasieran, zeharka, eta gero, legeak garatu diren heinean, zuzenean. Baina beti eduki ditugu presente”, azpimarratu digu Vanesa Pazek.

Adituaren esanetan, “emakumeak bakarrik artatzeak umeek pairatzen dituzten ondorioak ikusezin bihurtzen ditu, bigarren planoan uzten ditu. Neurri integral eta zuzenak eskaini behar dizkiegu, birritan direlako biktima: adingabeak direlako, eta genero indarkeria pairatu dutelako”.

EDE Fundazioa Suspergintza elkarteak kudeatzen duen Urrats zentroak 22 langile ditu, psikologoak eta gizarte langile eta hezitzaileak tartean. Biktima bakoitza hiru esparruetako adituak ditu lagun, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean jarduten duen gizarte langile bat ere.

Adingabeen kasuan, beste psikologo bat eta gizarte hezitzaile bat aritzen dira modu berezituagoan”, gaineratu du.

“Mutiko askok jarrera oldarkorrak dituzte, batzuetan amen kontrakoak”

Kasu bakoitza mundu bat da, eta arretak pertsonala behar du izan. Nolanahi ere, biktima adingabeengan gehien errepikatzen diren jokaera ereduak identifikatu dituzte Urratsen. “Askok zailtasunak dituzte hizkuntzarekin, eskolak jarraitzearekin. Beste batzuek jarrera oldarkorrak dituzte, (…) erraz sumintzen dira edo desafiatzaile ageri dira”, esan digu harrera zentroko zuzendariak. Indarkeria eguneroko kontua izan da euren bizitza laburrean, erabat normalizatuta dute, eta batzuetan, euren parekoen edota amen kontra ere erabiltzen dute.

Ezinegon emozionala da beste ezaugarri bat. “Triste daude, estresak jota, isolatu egiten dira eta, sarritan, aitaren beldur dira edo amarengandik banatzeak ikara eta antsietatea sortzen dizkie”.

Urratsen arlo psikologikotik zein hezkuntza eremutik egiten diete aurre sintomei, eta talde lanketa sustatzen dute. “Astean behin, psikologoak edo hezitzaileak talde saio bat antolatzen du. Adingabeen adinaren arabera zehazten ditu bai iraupena, baita edukiak ere. Jolasaren bidez, sinbolismoaren bitartez, hainbat gai lantzen dituzte”, azaldu digu Pazek.

Adingabearen adina kontuan hartzea funtsezkoa da arretak zer-nolakoa izan behar duen zehazteko. Urratsen artatutako adingabeen gehiengo zabal batek —% 60-70— sei urte baino gutxiago zituen, eta heren batek, 7 eta 12 urte bitartean. Nerabeak gutxiengo izan dira azken bi urteotan, baina aurten igoera sumatu dute adin tarte horretan:

2020

Zentroa Neskak Mutilak Guztira
Urrats 26 41 67

2020

Zentroa 0-6 urte 7-12 urte 13-18 urte
Urrats 49 15 3

2021 (Urtarrila-iraila)

Zentroa Neskak Mutilak Guztira
Urrats 21 40 61

2021 (Urtarrila-iraila)

Zentroa 0-6 urte 7-12 urte 13-18 urte
Urrats 36 18 7

“Eremu seguru eta epela” sortzea dute helburu, oinarrizko konfiantza bat sortzeko. Hortik aurrera, hainbat arlo lantzen dituzte: “Bortxa inguru batetik ahalik eta gehien babesteko baliabideak ematen zaizkio umeari; errudun sentimenduaren zama ere kentzen laguntzen diegu. Gizartean dagoen sexismoarekiko kritiko izaten erakusten diegu, berdintasunean hezten eta hazten”. Autoestimua eta ahalduntzea ere bultzatzen dituzte.

Lanketa horrek badu beste hari-muturrik: amatasuna, amaren eta seme-alaben arteko harreman edo lotura hori indartzearena. Vanesa Pazen hitzetan, “gurera heltzen diren emakumeen osasun emozionala oso kaltetuta egoten da, haustuta daude, apurtuta… Zenbaitetan ezin izaten dute ohetik altxatu ere egin. Gaitasuna badutela, kapaz direla erakusten diegu, euren buruaz eta seme-alabez arduratzeko gai direla”.

“Horrez gain, beste kasu batzuetan, amaren guraso autoritatea galduta sumatu dute haurrek, eta hori ere landu beharra dago”, erantsi du.

Harreman edo lotura hori berreskuratzeak “denbora eta ardura” behar du, Gipuzkoako harrera zentroko zuzendariaren hitzetan, baina “ezinbestekoa da harreman hurbil eta konfiantzazkoa eraikitzeko”.

Azpimarratu duenez, harrera zentroak “eremu segurua” dira indarkeria matxistaren biktimentzat, baina argi dago ez direla “inguru naturala”. Etxetik urrun daude, aurretik ezagutzen ez zituzten pertsonez inguratuta daude, eta kasu askotan, segurtasunagatik, “eskolatik, eskolaz kanpoko jardueretatik, lagunartetik ateratzen ditugu”. Hortaz, Urratsen helburua beti da “ume horiek ahalik eta lasterren bueltatzea eurentzat normalizatua den leku batera”.

“Gure zentroak lanketa baten hasiera baino ez dira, emakumeok autonomia berreskuratzeko prozesuan oinarriak ezartzeko lehen urratsak. Gizarte patriarkalak erakutsitako moldeak desikasteko eta barneratutako errudun sentimendu horiek deseraikitzeko bidea ez da hilabetean egiten, ezta urtebetean ere. Umeekin ezberdina da lan hori. Orokorrean, erresilienteagoak dira, batzuetan ez dute kalterik eta. Kasu bakoitza bakana da eta horrela artatu behar da”, laburbildu digu Vanesa Pazek.