Frantzisko aita santua -
Faboritorik gabe
XXI. mendeko bigarren konklabea astearte honetan hasiko da
Kardinalak 16:30 aldera Kapera Sixtinoan sartuko dira aita santua aukeratzeko. Aurreneko bozketa egingo dute, nahiz eta lehen jardunaldian derrigorrezkoa ez izan.
Erredakzioa
50 herrialdetako 115 kardinalek Elizaren historiako 266. aita santua aukeratzeko konklabea hasiko dute astearte honetan. Hirugarren milurtekoko bigarren konklabea izango da eta faborito argirik ez dago. Kardinalen arteko zatiketa agerikoa da.
Kardinalak 16:30aldera Kapera Sixtinoan sartuko dira aita santua aukeratzeko. Letania eta Espiritu Santuari laguntza eskatzeko "Veni Creator Spiritus" abestu ostean purpuradunek zin egingo dute eta dena sekretupean mantentzeko konpromisoa hartuko dute.
Gainera, Elizaren eskubide espiritualen alde irmo egiteko konpromisoa hartuko dute.
Ondoren, Guido Marini Zeremonia Liturgiko-Pontifikalen maisuak "extra omnes" esango du, eta konklabean parte hartu behar ez duten guztiak Kapera Sixitinotik aterako dira.
Prosper Grech 87 urteko maltar kardinalak Elizako arazoen eta aita santuaren aukeraketaren inguruan gogartea egingo du.
Ondoren, nahi duenak bozketa egingo du, lehen jardunaldian ez baita derrigorrezkoa.
Vatikanoak emandako eskemaren arabera, astearte honetan aurreneko bozketa egingo dute eta kea aterako da lehenengoz. Pontifizea aukeratzen badute, ke zuria izango da, eta ke beltza oraindik adostasunik ez badago.