Etxegabetzeak -

'Escrache' protestak

Poliziak kasu bakoitzaren segurtasun perimetroa erabakiko du

Estatuko Segurtasun idazkariaren hitzak zuzenduz, Fernandez Diazek ''erabat'' ukatu du 300 metroko perimetroa gainditzen duten 'escrache' protestak debekatzeko agindua eman izana Poliziari.

Jorge Fernandez Diaz Barne minitroa. Argazkia: EFE
Jorge Fernandez Diaz Barne minitroa. Argazkia: EFE
Jorge Fernandez Diaz Barne minitroa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ''erabat'' ukatu du asteazken honetan 300 metroko perimetroa gainditzen duten 'escrache' protestak debekatzeko agindua eman izana Poliziari, eta segurtasuna distantzia etxebizitza bakoitzaren kokapenaren araberakoa izango dela azaldu du.

''Ez da 300 metroko segurtasuna perimetroa ezartzen duen neurririk onartu; hori erabat ukatzen dut, ministro gisa'', azaldu du Fernandez Diazek Kongresuko korridoreetan.

Gaur goizean bertan, Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkariak adierazi du Barne Ministerioak Ertzaintzaren irizpidea jarraituko zuela eta 300 metroko perimetroa ezarriko zuela 'escrache' protesten inguruan; hau da, protesta horiek politikarien etxebizitzetatik 300 metrora egin beharko zirela gutxienez. Izan ere, Segurtasun Sailak debekatu egin zuen astelehenean Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatu donostiarraren etxe parean 'escrache' bat egitea, eta 300 metroko segurtasun perimetroa ezarri zuen Azpirozen etxebizitzan.

Ordu batzuk geroago, baina, ministroak berak zuzendu ditu Francisco Martinezen hitzak. Hala, Poliziari emandako agindua etxebizitzak eta familien zein gizabanakoen intimitatea bermatzeko beharrezkoak diren ''neurri operatiboak'' martxan jartzea izan dela azaldu du Fernandez Diazek, eta perimetro zehatzik ezarri ez dela berretsi du behin baino gehiagotan.

"Zenbait kasutan ez du zentzurik 300 metroko perimetroaz aritzea... Zenbait kasutan 300 izango dira, eta beste zenbaitetan 30'', azpimarratu du.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aztertu egingo du neurria

Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Ertzaintzak 'escrache'en aurrean ezarri duen neurria (protestak ezin dira kaltetuen etxeetatik 300 metro baino gutxiagora egin) proportzionala den edo ez aztertzen ari da. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak esan duenez, erabakia "egun gutxiren buruan" hartuko dute.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, Ibarrak azaldu du auzi honetan bi oinarrizko eskubide bermatzen diren egiaztatu behar dutela; izan ere, "alde batetik, manifestatzeko edo elkartzeko eskubide zilegia dago, eta bestetik, gobernatzen duen agintaritzaren eskumenak gauzatzeko eskubidea".

"Protesta horiek distantzia txikiago batera egin daitezkeen argitu nahi dugu, betiere bi aldeen eskubideak errespetatuta", erantsi du.

Ebazpena datozen egunetan iritsiko dela jakinarazi du, eztabaidagaia "Ertzaintzaren neurriaren zilegitasuna barik, neurri horren oreka" dela azaldu du.

Ibarrak gogora ekarri du herritar orok biltzeko edo manifestatzeko eskubidea duela, modu baketsuan egiten bada eta aurretik tokian tokiko agintaritzari jakinarazpen ofiziala eginda. Ildo berean, protestak kaltetutakoek euren intimitatea eta morala babesteko eskubidea dutela azpimarratu du.

Errekurtsoa aurkeztu dute

Gipuzkoako eta Bizkaiko Stop Desahucios elkarteek errekurtsoa aurkeztu dute gaur EAEko Justizia Auzitegian, Jose Ignacio Azpiroz eta Leopoldo Barreda popularren etxe aurrean deitutako escrachen inguruan Ertzaintzak igorritako debekuaren aurka.

Azpirozen kasuan, Ertzaintzak astelehenean igorri zuen elkarretaratzea Azpirozen etxetik 300 metrora egiteko agindua. Bestalde, Leopoldo Barreda bizi den kalean egin nahi zuten escrachearen kasuan ere, Segurtasun Sailak 300 metroko distantzia ezarri zien manifestariei.

Gaur jarri duten helegitean, elkarteek "manifestazioak eta bilerak egiteko eskubidea" aldarrikatu dute.

Horrela, Ertzaintzaren ebazpena bertan behera uzteko eskatu dio Gipuzkoako Stop Desahucios elkarteak EAEko Justizia Auzitegiari. Azpirozen escrachea debekatu eta gutxienez 300 metrora egin behar zela erabaki zuen Ertzaintzak, horrek biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna urratu dituela argudiatu du elkarteak.

Gainera, bi eskubideak "ordena publikoa arrisku larrian" dagoenean soilik "mugatu" daitezkeela gogorarazi du elkarteak. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak horren "argudiorik edo frogarik" aurkeztu ez duela dio Stop Desahuciosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea