Etxegabetzeak -
Donostiako epaile batek
Etxegabetze bat geldiarazi du lehenago kontrakoa erabaki ostean
Jabeak etxea ordainetan emateko helegitea aurkeztu zuen eta Lurralde-auzitegiak erabaki bat hartu bitartean Donostiako epaileak "zuhurtziaz" jokatzea erabaki du.
Erredakzioa
Donostiako erretirodun baten etxegabetzea bertan behera uztea erabaki du epaile batek, bost hilabete lehenago mailegua kitatzeko etxea ordainetan emateko eskakizuna atzera bota ostean.
Kaleratzeak Stop plataformak gaur jakitera eman duenez, jabeak etxea ordainetan emateko helegitea aurkeztu zuen eta Lurralde-auzitegiak erabaki bat hartu bitartean Donostiako epaileak "zuhurtzia" neurria hartzea erabaki du.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak igorritako azken sententzia oinarritzat hartu du Donostiako epaileak. Espainiako sistemaren legezkotasuna zalantzan jarri zuen epaiak. Prozesua aurrera jarraitu ezkero, gizonari "konpondu ezinezko kaltea" egingo lioketela argudiatu du epaileak.
Iñaki Gonzalez erretirodunak etxea ordainetan emateko eskakizuna aurkeztu zuen 2008an, baina epaileak atzera bota zuen iragan azaroan.