Gizartea -

Ekitaldia Oslon

Batasunerako deia egin dute, EBk Nobel saria jasotzean

Arduraz eta elkartasunez jokatzeko eskatu die epaimahaiko presidenteak Europako politikariei.

Europar Batasuneko gobernuburuak. EFE
Europar Batasuneko gobernuburuak. EFE
Europar Batasunak Bakearen Nobel Saria jaso du

01:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak Bakearen Nobel Saria jaso du, astelehen honetan, Oslon. Europan bakea lortzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko egindako ahaleginarengatik eman dio saria epaimahaiak.

Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko buruak eta Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteak diploma bana jaso dute, eta Martin Schluz Europar Parlamentuko presidenteak jaso du Nobel Sariari dagokion domina.

Thorbjorn Jagland Nobel Sariaren epaimahaiko presidenteak hitz egin du ekitaldian, eta horren hitzetan, “elkartasuna” eta “ardura kolektiboa” ezinbestekoak dira Europar Batasuna krisi ekonomikotik ateratzeko.

Epaimahaiko presidenteak krisiak herritarrengan duen eraginaz ohartarazi ditu Europar Batasunako goi agintariak. Krisiaren gordina herritar xumeek pairatzen dutenean, nazionalismoak indartu eta ekonomia alorrean berekoikeria nagusitzeko arriskua ikusten du.

Krisitik ateratzeko hartu beharreko neurriez ere hitz egin du: “Herrialde bakoitzak bere aldetik jardutea ez da irtenbidea. Gutxiengoek ere ez dute errua beregain hartu behar, horrek iraganeko iruzurretara eramango gintuzke eta”.

Ez dute sari banaketa ekitaldian parte hartu Vaclav Klaus txekiarrak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, Cameronen hitzetan, Europar Batasunak ez baitu saria merezi.

Protesta ekitaldiak Oslon

Atzo, giza eskubideen aldeko 50 elkarte inguruk protesta egin zuten Norvegiako hiriburuan, eta Europar Batasunari demokratikoa ez izatea eta krisi garaian ere indar militarrari eustea egotzi zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea