Etxegabetzeak -
Kasu berria
Etxegabetze bat geldiaraztea eskatzeko, protesta egin dute, Bilbon
Elkarretaratzea Bilbon egin dute, Kutxabanken bulego nagusiaren aurrean. Kaltetuaren etxebizitza astelehenean jarriko dute enkantean.
Erredakzioa
Ama batek eta horren bi alabek osatzen duten familia bat etxetik kaleratzea geldiarazteko, protesta egin dute gaur Bilbon, Kutxabanken bulego nagusiaren aurrean. Sendiaren etxebizitza Medina de Pomar (Burgos) udalerrian dago, eta astelehenean jarriko dute enkantean, Berangoko BBKrekin zuen 95.000 euroko kreditua ezin duelako ordaindu.
Elkarretaratzea Berri Otxoak Gizarte Bazterketaren aurka eta Gizarte Eskubideen aldeko Plataformak antolatu du, "Etxegabetze gehiago ez" lelopean.
Beatrizek 38 urte ditu, dibortziatuta dago, eta 16 eta 19 urteko bi alaba ditu. Horren arabera, Berangoko BBKren bulegoan hipoteka bat sinatu zuen Medina de Pomar (Burgos) udalerrian etxea erosteko. Bilbon egiten zuen lan, baina han beste inon baino merkeago topatu zuen, horren esanetan. Urte batzuk geroago, lan egoera aldatu egin zaiola eta ezin diola hipotekari aurre egin esan du.
Etxea ordainetan eman nahi duela azaldu du; izan ere, lan egoera aldatzea "zaila da". Gainera, prozesuak abal-emaileei ere kalte egitea da Beatrizen kezka nagusia.
BBKren bulego horretako zuzendariarekin "telefonoz" hitz egin duela azaldu du, baina "ez nuen aukeren berri jaso", gaineratu du. Beatrizen abokatuak helegitea jarri du astelehen goizean egitekoa den enkantearen aurka, eta Villarcayoko epaitegiaren erantzunaren zain dago.
Protestan bildu direnen bozeramaile batek salatu duenez, Kutxabank bankuak etxegabetzeak bi urtez atzeratzeko erabakia hartu zuela iragarri zuen, "baina ez da agindutakoa betetzen ari".