Gizartea -

San Tomas azoka

Munduaren azkenaren aurrean, taloa eta txakolina

Bilbon eta Donostian urteko azoka garrantzitsuena dute gaur. 278 eta 200 saltoki dituzte, hurrenez hurren.

Baserritar bat, iazko San Tomas azokan. EITB
Baserritar bat, iazko San Tomas azokan. EITB
Bilbok eta Donostiak San Tomas eguna dute gaur

2:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon, Donostian eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan urteko azoka garrantzitsuena dute gaur, San Tomas azoka hain zuzen ere. Jendetza handia espero da, ostirala delako eta asteburua askorentzat ohi baino luzeagoa izango delako, Gabonak direla eta.

Hori horrela, munduaren azkenari buruzko faltsukeriei talo bat eta baso bat txakolin eskuan aurre egiteko aukera aparta da azoka.

Bilbon, 100.000 pertsona bertaratzea espero da. Guztira 278 saltoki izango dira.

Bilboko Udalak segurtasuna zorrozteko eta Areatzan pilaketa arriskutsuak saihesteko neurriak abiatu ditu, antolatzaileek agiri batean azaldu dutenez.

Aipatu 278 saltokietatik, 218 Areatzan daude, eta gainerako 60ak, Plaza Barrian. Gainera, merkataritza bidezkoa sustatzeko sei postu ere jarri dituzte.

Sendi asko espero direnez, BBK-k haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du, 10:00etatik 18:00etara.

Urtero legez, produktu onenak saritu egingo dituzte. Hainbat kategoria daude sariotan: animaliak, barazkiak, ogiak, euskal pastelak, gaztak, landareak, txakolina, sagardoa...

Oskorri & The Pub Ibilitariaren kontzertu tradizionala 19:00etan egingo dute, BBK aretoan (Kale Nagusa, 19-21).

Eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, goizean baliteke euria egitea, baina egunak aurrera egin ahala, hobera egingo du.

Bilboko Udalak garraio publikoa erabiltzea eskatu du, zerbitzu bereziak eskainiko baitituzte.

Donostian, 200 saltoki daude. Kultura zinegotziak baserritar janzteko deia egin du.

10:00etatik 20:00etara, Konstituzio plazan, Tomaxi 360 kiloko txerria ikusgai izango da. Leitzako Arro baserritik ekarri dute.

Halaber, 13 urtean aurrenekoz, herri kirol erakustaldia egingo dute berriz. 13:00etan izango da, Trinitate plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea