Gizartea -
Gabonetako opariak
Kontuz oparitzen duzunarekin, mundu guztiak ez baitaki zelan erabili
Batzuetan, oparirik sofistikatuenak ez dituzte merezi duten moduan baloratzen eta ahalegin handi bat egin eta gero ordenagailuak papergaineko moduan eta iPAd-ak posta ikusteko erabiltzen dira.
I.G. / A.A.
Opari bat aukeratzea atsekabeak ekartzen dituen erabakia izan ohi da, batzuetan euro gutxi balio duen opari bat erregalua jasotzen duena ilusioz betetzeko gai da eta bizitza osoan gogoratzen du. Bestetan, zoritxarrez, ahalegin handia egiten da, "berak merezi du" eta horrelakoak esaten diogu gure buruari eta dirutza gastatu ostean konprobatzen dugu ez duela pentsatzen genuen ilusioa egin, eta ez dakitela zelan erabiltzen den ere.
Hori da albiste honi erantsita dagoen bideoaren kasua, muturreko egoera da, bai, baina bertan gertatzen dena, askotan gertatzen zaigu, oinarrian, gure bizitzan. Kontuan hartu behar dugu “zer” oparitzen dugun baina, gehien bar, "zer" hori "nori" oparitzen diogun.
Adin guztietan gertatzen den arazoa da. Umeen kasuan, adina eta beharrak kontuan hartzen dituen jostailua aukeratzea da gakoa. Beste adin baterako jostailuak erostea da arrakastarik ez izateko arrazoi nagusia, Toy Planet enpresaren arduradunen aburuz.
2012ko 'top ten'
Toy Planet-ek azaldu duenez, Eguberri hauetan Monster High panpinak, Playmobil etxeko E-rangersen kuartel nagusia, Barriguitas panpinak eta Pin eta Ponentzako produktu-sortak izango dira jostailu salduenak.
Izan ere, aurreko bi Gabonetan gertatu den moduan, Monster High erostea ia ezinezko misioa da eta Monster High panpinak (muñecas) Google eta Yahoo bilatzaileetako bilaketarik nagusienetakoak dira.
Salmentek behera
Fabrikatzaileen aurreikuspenen arabera, 2012ko Gabonetan salmentek behera egingo dute; % 10 gutxiago saltzea aurreikusi du Jostailu Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak.
Teknologiak gero eta indar gehiago du jostailuak fabrikatzeko garaian, eta Internet salmentak sustatzeko plataforma baliagarria da. Aurten, familiek jostailu gutxiago (baina garestiagoak) erosiko dituztela azaldu du patronalak.