Gizartea -
Hitzarmena
1937an Asturiasen hildako 100 gipuzkoarren gorpuak atera nahi dituzte
Proiektu garrantzitsuena, Candido Sasetaren gidaritzapean frankisten aurka borrokatu zuten euskal brigada bateko kideen gorpuak lurpetik ateratzea izango da.
Erredakzioa
1937an, Asturiasen, Gerra Zibilean, borrokan hil ziren 100 gipuzkoar ingururen gorpuak lurpetik ateratzeko proiektua aurkeztu dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak.
Elkarlanean arituko dira ekimen hau eta memoria historikoa berreskuratzeko beste proiektu batzuk aurrera ateratzeko. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Marina Bidaso Aldundiko Memoria Historikoaren eta Giza Eskubideen zuzendariak aurkeztu dute.
Udalak sustatuko duen proiektuak Aldundiaren 50.000 euro jasotzea hitzartu dute.
Proiektu garrantzitsuena, Candido Sasetaren agindupean frankisten aurka borrokatu zuten brigada bateko kideak lurpetik ateratzea izango da, alkateak jakitera eman duenez. Sasetaren gorpua Areces herrian (Asturias) topatu zuten. Bertan, 100 gorpu baino gehiago egon daitezkeela gaineratu du alkateak, gehienak gipuzkoarrak, eta horietatik 20 inguru, donostiarrak.
Eusko Indarra batailoieko kideak zirela azaldu du Izagirrek, ANVko militanteak eta "Euskal Herriaren askatasunarekin amesten zuten".
Candido Sasetaren gorpua 2008an atera zuen Aranzadik lurpetik eta Hondarribira eraman zuten, bertakoa baitzen. Han, omenaldia egin zitzaion.
Marina Bidasorok azaldu duenez, Gipuzkoako erakundeak Asturiasekoekin harremanetan jarri dira dagoeneko, baita Areceseko Udalarekin eta gorpu horiek dauden lurraren jabearekin ere. "Pradon de los vascos" izeneko lursail horretan, otsailerako aurreikusi dituzte lurra mugitzeko lanak.
Etorkizuneko omenaldia alderdi guztien artean adostu nahiko luketela esan dute, baina aurretik, ikerketa lana egin behar dela esan dute, gorpuak identifikatu eta senitartekoekin harremanetan jartzeko.