Gizartea -
Gabon gauean
Gizon batek katana batekin eraso egin dio senitarteko bati Pasaian
Ustezko erasotzailea atxilotu dute. Ertzaintzak hilketa saiakera egotzi dio eta Poliziaren izapideak amaituta, epailearen esku utzi dute.
Ustez, 22 urteko gizon batek katana batekin eraso egin zion ahaide bati Gabon gauean, Pasaian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez.
Erasoa 02:00 inguruan gertatu zen. Antza denez, Gabon gaueko afaria ospatzen ari ziren erasotzailea eta biktima beste hiru seniderekin batera, Pasaiako etxebizitza batean.
Eztabaida piztu zen bien artean, eta erasotzaileak horman zintzilik zegoen katana hartu zuen eta ondoren, ahaideari eraso egiten saiatu zen. Gainerako senideek erasotzailea geldiarazi zuten.
Segidan, sukaldetik labana handi bat hartu zuen erasotzaileak eta berriz ere biktima zauritzen saiatu zen. Ondorioz, biktima etxebizitzak irten eta bizilagunaren etxean ezkutatu zen.
Erasotzaileak soinean zeraman kamiseta erantzi eta kalera ihes egin zuen. Gutxira, kalean bertan atxilotu zuten ertzainek. Halaber, hilketa saiakera egotzi diote.
Ertzaintzak eraso saiakeran erabilitako bi armak epaileari eman dizkio. Bestalde, polizia izapideak amaituta epailearen esku utzi dute atxilotua.