Gizartea -
EHU
Gazteen jarrera antisozialek gora egin dute, ikerketa baten arabera
Halaber, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak jarrera antisozialetan “oso txikiak” direla adierazi du, genero arteko aldea aldiz “argi” handitzen joaten dela
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egindako ikerketa baten arabera, 12 eta 18 urte arteko gazteen jarrera antisozialek gora egin dute nabarmen.
Nicolas Seisdedos Saria herrialde iberoamerikar eta estatu mailakoa da EHUk ikerketa honi esker jaso duen saria.
Egindako lana ebaluatu eta gero lortutako emaitzen arabera, ekimenean parte hartu zuten gazteen % 16k jarrera antisozialen maila altua du; % 10 arrisku altuko profilaren barruan daude, eta % 6 profil antisozialean. Adinari dagokionez, saritutako ikerlanak berretsi egin du 12 eta 18 urte artekoen jarrera antisozialek nabarmen egin dutela gora.
Horrez gain, argi geratu da jarrera antisozialetan emakumeen eta gizonen arteko aldeak "oso txikiak" direla; hala ere, generoen desberdintasunak areagotu egiten dira adinarekin batera, eta 16 eta 18 urte arteko segmentuan gizonezkoen kasuan igoera nabarmenagoa da.
Azterlanak agerian uzten duenez, jarrera antisozialetan puntuazio altua lortu duten gazteek eta nerabeek, bi sexuetakoek, enpatia gaitasun txikiagoa dute, gatazka egoerak konpontzeko gehiago jotzen dute estrategia erasotzaileetara, bullying eta cyberbullying kasuetan inplikazio maila esanguratsua dute, ikasketetan errendimenduari lotutako arazo gehiago dituzte, eta gizartean maila baxuagoan integratzen dira.
Bestalde, azterlanean antzeman denez, ez dirudi gurasoen hezkuntza maila eta maila ekonomiko eta kulturala aldagai erabakigarria denik seme-alaben jarrera antisoziala azaltzeko. Hala ere, gurasoek neurri handian seme-alabak onartzeak eta haien hezkuntzan inplikatzeak eragin positiboa du seme-alaben jarrera antisozialetan; horren haritik, guraso autoritarioek eta arduragabeek bultzatzen dute gehien haien seme-alaben jarrera antisoziala.