Gizartea -
Gertaera
Bahitu egin zuten 16 hileko umearen gorpua aurkitu dute Almerian
Guardia Zibilak urezko baltsa batean aurkitu du umetxoaren gorpua, ustezko bahitzaileak krimena aitortu ostean.
Erredakzioa
Guardia Zibilak ureztatze putzu batean aurkitu du Almerian bahitutako 16 hilabeteko umetxoaren gorpua, ustezko bahitzaileak konfesatu ostean, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.
Neskatilaren gorpua (amak salatu zuen desagertzea duela astebete) bahiketa izan zen gunean aurkitu dute, Nacimientoko erkidegoan (Almeria). Dirudienez, amak Jonathan Moya Gonzalez (25 urte ditu) ustezko bahitzailearekin harreman bat hasi zuen.
Institutu armatuak beste pertsona bat atxilotu du, gertakizunekin zerikusia duelakoan. Erasoa egin izana aitortu duen gizonaren inguruko pertsona bat da, eta, ikertzaileen ustez, bahiketa ezkutatu edo horretan parte hartu du, agian.
Bahiketaren ustezko egileak, Jonathan Moya Gonzalezek, krimena konfesatu du, Almeriako Guardia Zibileko Komandantziak galdeketa egiten hainbat ordu eman ostean. Arratsaldeko lehen orduan atxilotu dute, Abrucenako (Almeria) senide baten kortijoan.
Gazteak haurtxoa hil egin duela konfesatu du, baita gorpua non zegoen ere.
Sumarioko sekretupean
Ikerketaren sumarioa sekretupean ipini dute, Almeriako 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak hala eskatuta. Ondorioz, bahiketari buruzko datu ofizial gutxi eman dituzte ezagutzera.
Dirudienez, haurtxoa duela astebete bahitu zuten, Alboloduy, Nacimiento eta Fiñana artean, amarekin zegoela.