Gizartea -
Mafia errusiarra
Akordioa, Gipuzkoan zegoen Errusiako mafiaren kontrako epaiketan
Mafia errusiarraren buruzagiaren eta Fiskaltzaren arteko akordioaren arabera, 4 urte eta erdiko espetxe zigorra beteko du akusatu nagusiak.
Erredakzioa
Fiskala eta mafia errusiarraren buruzagietako bat izateagatik akusatuta zegoen gizonezkoa akordio batera iritsi dira eta 16 urteko espetxe zigorra beharrean, 4 urte eta erdiko zigorra onartu du taldeko buruzagiak.
Mafia errusiarraren ustezko 20 kideren aurkako epaiketa goizean hasi da Donostian. Hamaika delitu egozten zizkieten, horien artean, euren herrikideei estortsio egitea eta Georgiako enpresaburu bat bahitzen saiatzea.
Halaber, Gipuzkoako Fiskaltzak legez kontra ondasunak hartzea, estortsioa, droga-trafikoa, lapurreta, armak bidegabe izatea eta dokumentuak faltsutzea egozten zizkien besteak beste.
Azkenean, epaiketa bertan behera gelditu da Gipuzkoako Auzitegian aurkeztu diren akusatuen abokatuek (zortzik auziari ihes egin diote) zigorra gutxitzea adostu ostean.
Era honetan, akusatu nagusiari 16 urtetik 4 urte eta erdira jaitsi diote zigorra. Horren truke, droga-trafiko delitua, estortsioa eta talde kriminal baten kide izatea onartu du.
Kide guztien kondenak kontuan hartuta, 14 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra jarri diete, zigor guztiak batuta, baina, akordioari esker, beste auzipetuak ez dira espetxera joango.
Taldeko buruzagiak soilik joan beharko du espetxera, baina dagoeneko bi urte bete ditu; izan ere, bere etxean aurkitu zuten kokaina kilo erdi batengatik zigortu eta espetxean zegoen jada.
Taldeko buruzagiarentzat 16 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen Ministerio Publikoak. Orain urte batzuetatik Gipuzkoan bizi da gizonezkoa eta nazionalitate bikoitza du; Errusiakoa eta Espainiakoa. "Vor v zakone" (Legearen lapurra) ezizenez ezagutzen da.
"Nala" operazioa 2007an hasi zen, eta Guardia Zibilak talde horrek Gipuzkoan zuen egituraren zati bat desegin eta "lidergorik" gabe utzi zuen. Hori dela eta, Katalunian bizi zen Georgiako gizon batek taldearen buruzagitza hartu omen zuen.
Gipuzkoan bizi ziren Ekialdeko Europako herritarren dirua hartzen zuten euren negozioen segurtasuna bermatzearen truke. Gainera, lapurretak egiten zituzten Gipuzkoako eta Bartzelonako dendetan (batik bat informatika gailuak, etxetresna elektrikoak, bideo- jokoak, arropa eta lurrinak osten zituzten), ondoren salgai jartzeko.
Azkenean, akordioa adostu dute, eta lau urte eta erdiko espetxe zigorra onartu du akusatu nagusiak.