Gizartea -
Madrid Arena
Madrilgo alkateordeak dimisioa aurkeztu du
Aurrez, Pedro Calvo Udaleko ordezkariak dimititu zuen. Halloween eguneko jaiak 5 hildako utzi zituen.
Erredakzioa
Miguel Angel Villanueva Madrilgo Udaleko alkateordeak dimisioa aurkeztu du asteazken honetan, Madrid Arenako ezbeharra gertatu eta bi hilabetera. Udaleko oposizioko alderdiek haren dimisioa eskatu zuten Madrid Arena pabiloiaren kudeaketaz arduratzen den Madridec enpresako arduradunetako bat izateagatik.
Madrid Arena auzia argitzeko ikerketa batzordea amaitu ondoren hartu du erabakia Villanuevak. Horren hitzetan, kasuak Madrilgo Udaleko eguneroko kudeaketan eragina izan du.
Madrid Arenako tragedian bost emakume hil ziren guztira: Katia Esteban Casielles, Rocío Oña Pineda eta Cristina Arce de la Fuente ezbeharraren egunean bertan; Belen Langdon azaroaren 3an, eta Maria Teresa Alonso azaroaren 29an.
Villanuevak barkamena eskatu du
Arratsaldean, kazetarien aurrean hitz egin du Miguel Angel Villanueva alkateorde ohiak. Egin ahal izan dituen akatsengatik barkamena eskatu du, eta kontzientzia lasai duela azpimarratu du. Halaber, ukatu egin du bere kargua inoren onerako erabili izana.
Gaineratu duenez, bere dimisioak lasaitasuna ekarriko du, eta tentsioa baretzeko balioko du.
Aldaketak Ana Botellaren Gobernuan
Villanuevaren dimisioaren ondoren, Ana Botellak aldaketak egin beharko ditu Madrilgo Udalean berriz ere. Aurrez, Pedro Calvo Madrilgo Udaleko Ekonomia, Enplegu eta Herritarren Partaidetzako ordezkariak eta hirugarren alkateordeak dimisioa aurkeztu zuen Madrid Arena auzian inputatua izan eta gero. Beraz, Madrid Arenako ezbeharraz geroztik Ana Botellak Gobernuan egiten dituen bigarren aldia izango da.
Aurrerantzean, ekonomiako eskumenak Ogasun Sailak kudeatuko ditu, eta horren buru Concepcion Dancausa izango da. Halaber, Madrilgo Udaleko lehen alkateorde izendatu dute gaur.
Ana Botella alkateak Segurtasun eta Larrialdi Saila indartu du. Bestalde, Jose Enrique Nuñez izendatu dute bigarren alkateorde, eta Udaleko bozeramaile.
Orain arte alkateordetzaren gain zeuden eskumenak Arteen Sailaren esku geldituko dira.