Gizartea -
Lehenengo 'txotx'
Sagardo denboraldia abiatu dute Hernanin
Gazteako 'Dida' irratsaioko kideek lehen aldiz egin dute 'txotx'. Sagardogileek diotenez, aurtengo sagardoa "leunago eta garraztasun txikiagokoa da".
Erredakzioa
Denboraldi honetan sagardoaren lehenengo 'txotx' ireki dute Hernanin igande honetako 12:30ean. Jai-giroa lagun, Joseina Etxeberria, Ainhoa Vitoria, Jon Gotzon eta Edurne Garmendia Gazteako 'Dida' irratsaioko kideak izan dira aurtengo gonbidatuak.
Adituen aburuz, aurtengo sagardoa "leuna" da, uda lehorra izan dugulako. "Sagardo produkzio ona izan dugu", azaldu du Ane Iparragirre sagardogileak, "kalitate onekoa da uda lehorra izan delako, sagardoa ona atera zaigu, aurreko denboraldiekin alderatuta, garraztasun txikiagokoa da".
Datorren asteartean hitzordu berria izango dugu Astigarragan. Petritegi Sagardotegian egingo dute lehenengo 'txotx', La Oreja de Van Gogh Donostiako musika taldearen laguntzarekin.