Gizartea -

Zientzia

Energia iluna ezagutzeko saiakera bat

Hain ezezaguna den energia horren izaera gizarteari ulertarazteko ikerketa bat egin dute UPV-EHU unibertsitatean.

UPV-EHUko Leioako campusa. Argazkia: EITB
UPV-EHUko Leioako campusa. Argazkia: EITB
UPV-EHUko Leioako campusa. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irene Sendra UPV-EHUko ikertzaile valentziarrak energia ilunaren izaera ulertzen lagun dezaketen hainbat eredu proposatu ditu. Energia ilun hori da, hain zuzen ere, unibertsoa hain azkar zabaltzearen arrazoia.

Unibertsitateak jakinarazi duenez, Sendrak materia iluna eta energia iluna izan ditu aztergai bere ikerketan. Orain arte, horietaz oso datu gutxi ezagutzen dituzte zientzialariek.

"Egindako behaketen arabera, Unibertsoaren % 5 materia arruntez osatuta dago, % 22 materia ilunari dagokio, badakigu existitzen dela materia arruntarekin elkarrekintzak sortzen direlako; eta gainerako % 73a energia iluna da; gauza jakina energia iluna badagoela, ez baitago unibertsitatearen hedapen azkarra azaltzeko beste modurik", gaineratu du.

Adituaren arabera, energia ilunari esker zabaltzen da unibertsoa hain bizkor. Energia ilun horren izaera hobeto ulertzen saiatzea da bere doktore tesiaren oinarria "Cosmology in an accelerated universe: observations and phenomenology" ("Kosmologia unibertso bizkor batean: behaketak eta fenomenologia").

Lambda CDM da unibertsoaren hedapen azkarra azaltzeko eredu onartuena, eta horren arabera, unibertsoaren azelerazioa konstante kosmologikoari dagokio. Hala ere, Sendraren iritziz hainbat behaketa ezin dira eredu horren bidez azaldu.

"Denborarekin aldatzen den energia ilun dinamiko bat bilatzen dugu, behatutako datuei hainbat eredu aplikatzen dizkiogu, perturbazio txikiekin jokatzen dugu, eta konstante kosmologikoarekin baino hobeto lotzen den ikusten dugu", gaineratu du.

BALORE KONSTANTEAK

Matematikako eta estatistikako baliabideak erabilita, behaketak ikertutako parametroetarako proposatzen dituen baloreak ereduak proposatzen dituenarekin egiaztatzen ditu. Ikertzailearen hitzetan "horrela, elkarrekintza askoren bitartez, gure ereduko konstanteek zein balore hartuko lituzketen ikusten dugu".

"Energia ilunaren egoera ekuazioaren balioa –1 da orain, baina dirudienez balioa aldatuz joan da antzinatik hona. Hala ere, balore horiek zehazterakoan errore portzentajea oso handia da", gaineratu du. Sendraren kalkuluen arabera, energia iluna dinamikoa bada datuak sendoak dira, eta aldatu egiten dira energia iluna gorrira aldatzean. Adam Riess 2011ko Fisika Nobel saridunarekin elkarlanean egindako ikerketak, oraindik argitaratu gabea, hipotesi hori babesten du.

Doktore tesi honetan, energia iluna materia ilunarekin batzen duen eredu berri bat proposatu du Irene Sendrak. “Litekeena da biak gauza bera izatea eta kontestuaren arabera forma ezberdinak hartzea. Guk osagai baten bidez bien eragina azaldu dugu, eta behaketek emaitza hobeak ematen dituzte eredu honetan materia eta energia iluna batzen saiatzen diren horietan baino.”, gaineratu du.

Sendrak kosmosaren hondoa ere ikertu du, eta "neutrino kopurua hiru baino handiagoa dela konturatu gara. Hala ere, badakigu partikulen eredu estandarrari esker hiru neutrino mota daudela. Ondorioz, balore itsusi bat daukagu eskuartean , eta gehiegizko neutrino kopuru hori azaltzen saiatu gara", gaineratu du.

Sendraren proposamena soken teoriaren haritik doa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak Albisteak Zientzia berriak Zientziaren hedapena zuzenean Gertaera astronomikoak Unibertsoa