Gizartea -

Martxoaren 2an

Sindikatu abertzaleak kalera irtengo dira hezkuntza erreformaren aurka

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen ustez, erreforma 'zentralizatzailea, espainoltzailea, atzerakoia eta elitista da'.

Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa. Argazkia: EFE
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak kalera aterako dira martxoaren 2an Wert ministroaren hezkuntza erreformaren aurka. Sindikatu abertzaleen ustez, erreforma "zentralizatzailea, espainoltzailea, atzerakoia eta elitista da".

Hiru sindikatuek gaur egin dute deialdia Bilbon, eta eragile politikoei eta gainerako sindikatuei erreformaren kontra egingo diren protesta ekitaldietan parte hartzeko eskaria egin diete. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei murrizketa neurriei aurre egiteko eskatu diete.

Sindikatu abertzaleen arabera, Wert erreformak hezkuntza komunitateari eraso eta hezkuntza beraren kalitateari kalte larria egiten dio. "Hezkuntzan murrizketa alboratu, eta baliabideak eta inbertsioa handitu behar dira", azpimarratu du Xabi Irastorza ELAko arduradunak.

Horien esanetan, hezkuntza erreformaren helburua Estatuaren zentralizazioa lortzea eta "gure hezkuntza sistemari buruz erabakitzeko gaitasuna mugatzea" dira.

"Euskararen kontrako eraso zuzena da, izan ere, euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtuko luke, eta hezkuntza sistemak ez luke bere ezagutza eta erabilera bermatuko", gaineratu dute. Sindikatu abertzaleen ustez, erreforma "zentralizatzailea, espainoltzailea, atzerakoia eta elitista da".

Hori guztia dela eta, sindikatu abertzaleek ez dute hezkuntzan inolako murrizketarik onartuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea