Gizartea -

Denboralea

Uholde arriskua Nafarroako hegoaldera pasatu da

Eguraldiak hobera egin duela eta, Segurtasun Sailak bertan behera utzi du euriteei aurre egiteko deitutako krisi maila.

Uholde arriskua Nafarroako hegoaldera igaro da.. Argazkia: EITB
Uholdeak Euskadin
Ibaien emariak egonkor daude, baina arriskua ez da desagertu

6:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bertan behera utzi du euriteei aurre egiteko deitutako krisi maila, baina oraindik indarrean mantenduko du uholdeei aurre egiteko larrialdi plana, 0 mailan. Ibaietako emaria gainbegiratzen jarraituko dute datozen orduotan, euri denboralea oraindik gurean baitaukagu. Datozen orduotan Euskadin euria egiten jarraituko du, baina ez atzo beste.

Halaber, ostegun honetan Araban eta Gipuzkoan izotz beltza sor daitekeela ohartarazi dute.

Nafarroan uholde arriskua Iruñetik hegoaldera pasatu da.

Iragarpena Euskadin

Euskalmeten arabera, asteazkenean, Bizkaian eta Araba mendebaldean egin dezake euria. Tenperaturek behera joko dute, eta elur-maila 700-800 metroan kokatutako da Araban eta Bizkaian. Edonola ere, ez dute elur askorik espero.

Ostegun honetan, bestalde, izotz beltza sor daiteke Araban eta Gipuzkoan, Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, bustitako errepideetan izotza sortuta. Eguneko lehen orduotan bereziki arreta handiz gidatzeko gomendioa egin dute.

Lur-jausiak eta ebakuazioak

Asteazken honetako ezbeharrik handienak Gipuzkoan izan dira. Irunen 2 etxebizitza hustu behar izan dituzte, eurien ondorioz horma bat erori ondoren. Behobia auzoan izan da, eta Zaisa 3 poligonorako sarrera moztu egin behar izan dute. Gaueko ezbehar bakarra Azpeitian jazo da. Bertan, bi pertsona ebakuatu behar izan dituzte, Aratz Erreka auzoko etxebizitza batean, lur-jausi baten ondorioz.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, 17:00etan Urumea ibairen maila 2,8 metrokoa da Martutenen eta 2,8 metrokoa Txomin auzoan. Ohar batean azaldu duenez, asteazken honetan zehar maila arruntetan egon da ibaia, baina, Udaleko Zerbitzuak abian dira, eta krisi mahaia deituko dute 18:00etatik aurrera.

Gauerditik euriak atseden eman du, baina batik bat Oiartzun ibaiaren emaria zaintzen ari dira, bete baitator. Oraingoz ez du gainezka egin, baina alertan daude hainbat lekutan, hala nola Oiartzunen, Lezon, Errenterian, Irunen eta Donostian.

Bizkaian, Gobela, Butroi eta Asua ibaien emariak jaitsi egin dira.

Araban kalte gutxi izan da, Zadorra ibaiak Agurainen eragindakoak salbu. Ulibarriko urtegia husten hasi da 45 metro kubiko segunduko, eurite etengabeen aurrean hartutako neurria izan da.

Uholde arriskua Nafarroako hegoaldera igaro da

Nafarroan, arreta handiena Funesen dago, Arga ibaia hazi egin dela eta. Arratsalde parte ura bere maila gorenera iristea aurreikusita zegoen. Funesetik oso gertu, Miranda de Argan, zelaiak urez bete dira eta etxeak guztiz isolatuta gelditu dira.

Iruñeak normaltasuna "guztiz" berreskuratu du, astearteko uholdeen ostean, Arga ibaia arratsaldean zehar "zertxobait" hazi egin den arren.

Halaber, abisu laranja ezarri dute Pirinioetako gunean, elurteengatik eta elur-jausiengatik. Aemeten aurreikuspenena arabera, 30 zentimetro izan daitezke, eta elur-kota 800 metrotik 1.400era igoko da.

716 ikasleri eragin die denboralea. Fuseneko eskola publikoa (230 ikasle ditu) hustu dute Arga ibaia hazi egin delako eta Iruñean, Padre Moret-Irubide eskolak (480 ikasle ditu) klaseak bertan behar utzi ditu, horniduran matxurak izateagatik.

_______________________________

INFORMAZIO OSAGARRIA:

- Uholdeen argazkiak

- Uholdeen bideoak

- Trafikoari buruzko informazioa

- Euritan gidatzeko aholkuak

- Eguraldia

- Kateak nola jarri

- Zer da izotz beltza?

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea