Gizartea -

Kontsumoa eta osasuna

Elikagaien iraungitzea atzeratu al daiteke?

Gobernua iraungitze-data atzeratzea aztertzen ari da, baina Elikagaien Segurtasunerako Agentziak erabakiko du elikagaien iraungitze-data edo hobetsitako kontsumo-data izan behar duten.

Supermekatu bat. Argazkia: EITB
Supermekatu bat. Argazkia: EITB
Supermekatu bat. Argazkia: EITB

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Arias Cañete Nekazaritza, Ingurumen eta Elikadura ministroak azaldu duenez, Gobernua iraungitze-data atzeratzea aztertzen ari da, eta, besteak beste, jogurtak aztertuko ditu.

Hala ere, adituen aburuz, data hori errespetatzea ezinbestekoa da kontsumitzen dugun produktuak osasunean kalterik egingo ez digula jakiteko.

"Jogurtek eta beste hainbat produktuk duten erabilgarritasuna luza dezakegun aztertzen ari gara. Industriak gaur egun jogurtek duten 28 eguneko epea astebete luzatzea eskatu digu", azaldu du ministroak.

Edonola ere, Elikagaien Segurtasunerako Agentziak erabakiko du elikagaien iraungitze-data edo hobetsitako kontsumo-data aldatu behar duten.

Ministroaren esanetan, etiketa berriak sortzeko, produktuen kalitate arauak ikertzen ari dira eta, horretarako, iraungitze-data eta hobetsitako kontsumo-data gauza bera ez direla kontuan izan behar dute.

Kalitate arauak berrikusi

Elikagaien kontsumoan arrazionaltasun handiagoa izateko eta janaria alferrik ez galtzeko asmoarekin, Europako Batzordea arautegi berri bat prestatzen ari da. Horrela, besteak beste, elikagaien ontzietan edo etiketetan hobetsitako kontsumo-data eta iraungitze-data batera agertzea proposatzen dute, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA) azaldu duenez. "Elikagai batzuek biak daramatzate, baina oraindik kontsumitzaile askok ez dute datu bi horien arteko diferentzia ezagutzen (Espainian bata ala bestea (edo biak) ipintzea ekoizlearen esku dago", esan du.

Lehentasunezko kontsumo-datak egun horretara arte jakiak bere gaitasun guztiak mantentzen dituela esan nahi du: zaporea, usaina, eduki nutrizionala, osasun bermeak. Iraungitze-datak, berriz, zein egunetatik aurrera ez den komeni kontsumitzea adierazten du. Hau da, egoera txarrean egon daitekeela eta osasunerako arriskutsua izan daitekeela.

"Eta zer gertatzen da data bien arteko tartean? Elikagaiak gaitasun organoleptikoetan galera izaten du baina oraindik kontsumitzeko moduan dago segurtasunaren ikuspuntutik", argitu du EKAk.

Ministroak alferrik galtzen diren elikagai kopurua "onartezina" dela salatu du eta, batez ere, "gaur egun jende askok pairatzen duen elikatzeko beharra kontuan hartzen badugu".

Aris Cañetek esan duenez, urtean 7,7 milioi tona elikagai alferrik galtzen dira, Espainian, eta 42 milioi tona, Europar Batasunean.

Ministroaren azalpenen arabera, kalitate arauak berrikustearen helburua "elikagaiak gehiago aprobetxatzeko moduak bilatzea da".

Grezia

2012ko urrian, Greziako Gobernuak iraungitako elikagaiak prezio merkeago baten saltzeko aukera baimendu zuen. Gobernuak justifikatu ezin izan zuen erabakia izan zen eta kontsumitzaile-elkarteek neurria onartezina dela salatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Elikadura osasungarria albisteak